UNAI LARREATEGI ETA IGONE LAMARAIN. EHEko kideak
Euskaltzaleen diskurtsoetan geroz eta gehiago ari da azaltzen euskara nagusi edota hegemoniko izango duten guneak zaindu eta berriak sortu beharra. Ez da kontu berria baina azken garaiotan garrantzi gehiegirik eman ez zaionez bada nobedadea. Euskal Herrian Euskaraz-en ere antzerako ondorioak atera genituen iazko kurtsoan. Euskal herritarren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar genuela dudarik gabe, baina euskaraz bizi diren guneak zaintzeari eta berriak sortzeari garrantzi berezia eman behar geniola aurrerantzean.
Norabide horretan udalerri euskaldunak giltzarri dira gure ustetan. Hizkuntzalarien ahotik entzuna dugu hizkuntza orok derrigor lurralde bat behar duela, nagusi izango den lurgune bat alegia. Euskararen herriaren lurraldean, Euskal Herrian, erdarak dira nagusi baina zorionez oraindik badira herri euskaldunarentzat arnasgune diren udalerriak. Orain 20 bat urte berauen arteko sarea eratu eta euskara nagusi izango zen lurgune bat eratzeko aukera ikusi zen. Ideia horri tiraka sortu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991. urtean.
Urte guzti hauetan lan handia egin da proiektua indartzeko. Beste inoren lana gutxiesteke ezin goraipatzeke utzi egunotan agur esan digun Iñaki Arregik urte hauetan udalerri euskaldunen alde eginikoak. Momentu latz hauetan besarkada euskaltzale bat etxeko zein laneko familia osoari. Ez ginen beti bat etortzen irakurketetan, jorratu beharreko bideetan baina elkarlanerako prestutasun osoarekin aurkitu izan dugu beti.
UEMAren ekinbideak oztopo asko izan ditu hasieratik juridikoki, oztopo asko alderdien jarreragatik eta elkarlanerako proposamen gutxitxo euskalgintzan gabiltzanon partetik.
Juridikoki ezagunak dira espainiar konstituzioak hartu izan dituen erabakiak. UEMA sortu zenerako udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzea antikonstituzionala zela esana ziguten euskaldunoi espainiatik. EAEn euskararen legea onartu zenean udalerri euskaldunak euskaraz biziko zirela onartu zen. Ondoren PSOEk helegitea sartu zuen eta estatuko abokatuak arrazoia emanda, noski, bertan behera gelditu zen. Geroztik UEMAren aurka emandako pausuak bide horretatik iritsi dira. Sorrerako estatutuak aldatzera behartuz, udal-ordenantzak atzera botatzeko aginduz zein udalerriak mankomunitatetik irten araziz. Ibilbide honek argi erakusten digu herri euskaldunak ez duela etorkizunik espainiar zein frantziar konstituziopean (beste hainbeste edo okerragoa delako berau) eta administrazioetatik benetako berreuskalduntze prozesua garatu ahal izateko hizkuntza politika burujabea borrokatu behar dugula ezinbestean.
Alderdien jarrerak ere ez du gehiegi lagundu. Abertzale espainolek hasieratik uko egin diote proiektu hau bultzatzeari, jakinekoa da espainiera hizkuntza komuna izan behar duela defendatzen dutenentzat oso kontraesankorra dena horrelako mugimendu bat, beraz logikoa da beraien jarrera. Euskal alderdi abertzaleak izan dira proiektu honetan sartu direnak, “euskal” horrek zer esan nahi duen eztabaidatzen ez gara hasiko baina beharbada hor aurki genitzake ondoren azalduko ditugun jarreren zergati nagusiak. EAJk etengabeko galga lana egin du urte guzti hauetan, kontrolatzen ez dituen euskararen munduko beste kontu askorekin bezala. Azken garaiotan gainera norabide horretan pauso berriak eman ditu hainbat udalerri UEMAtik ateratzeko erabakiak hartuz, azkena Bermeo. Esan daiteke gainontzeko alderdiek eutsi diotela bizirik egitasmo honi, baina guk ez dugu mankomunitatea irauten ikusi nahi, mankomunitatea bizi-bizirik nahi dugu. Horretarako eskatzen diegu jarrera aktiboago bat eta ildoa lehentasunezkotzat hartzea.
Mankomunitatearen lana herri hauetako euskalgintzaren mugimendu sendo batekin lagundua egon behar da gainera. UEMA tresna barik helburu moduan kokatu izan dugu askotan, eta ondorioz herri mugimenduak udalerri euskaldunetan eduki ditzakeen zereginak albo batera utzi izan ditugu. Udalerri euskaldun baten zertarako EHE? Zertarako euskalgintza indartsu bat? Pentsaera hori errotua da oraindik euskaltzaleon artean eta bagaude irabazia daukagula. Orain arte gure jardunean udalerri hauetarako berariazko lanik ez egin izanak badaukala horretan zerikusirik alegia.
Berreuskalduntze prozesuan benetako mugarria izango litzateke udalerri euskaldunetan bide emankor bat garatzea. Eta aurtengo UEMA egunak dion moduan “ein eingou”.
Ekainaren 12an danok Mallabira!
|
Euskaraz bizi sarean