ARITZ LARRETA BEREZIARTUA. Zarauzko EHEren izenean
Joan den urriaren 21ean egin zuen Zarauzko Bilduk agintaldiko lehen 100 egunen balorazioa. Lehenik eta behin, ekitaldiaren lehen zatian, Udalaren momentuko egoeraren berri eman ziguten Bilduko udal ordezkariek. Ondoren, ekitaldiaren bigarren zatian, 2012ko aurrekontuetarako dituzten asmoez aritu ziren.Beste herritar asko bezala, Zarauzko Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideok ere han izan ginen, 2012ari begira Udalak euskararen normalizazioa dela-eta egin asmo dituenak ezagutzeko.
Hitzez hitz, hauexek dira euskara arloko udal zinegotziak 2012rako aurrekontuez esan zituenak:
“Euskara sailaren aurrekontuaren zati handi bat ez dagokio euskararen normalizazioari eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko lanari. Aurrekontuaren ia herena Ludotekari dagokio. Hori, hezkuntza da gure iritziz. Beste zati bat, kultur ekimenei dagokie: Lizardi Saria, Basarri Saria, haur eta gazteentzako Salbatore Mitxelena saria, eta abar. Guztiek bidea egina dute, eta eutsi egin behar zaie, noski, baina dagozkien ataletara bideratuz: batzuk, hezkuntzara; beste batzuk, Kulturara, eta abar.
Euskara sailaren aurrekontua fintzea da udal berriaren lehen erronketako bat, benetan euskarari dagozkion partidak zein diren erakusteko, kulturakoak edo hezkuntzakoak sail horietara bideratuz.
Era berean, euskararen normalizazioan benetan eragiteko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko, erronka nabarmena da Udalerri Euskaldunon Mankomunitatean (UEMA) sartzea Zarautz.”
Irakurri berri dituzuen adierazpen horien harira, zera adierazi nahi die EHEk nola herritarrei hala Udalari berari:
Guztiz bat gatoz aurrekontua berrantolatzearekin, alegia, diru partida bakoitza dagokion sailera berbideratzearekin, nahiz eta horrek euskara saileko aurrekontua nabarmen murriztea ekarriko duen. Egia da, bai, euskarazko literatur sariketek, ludotekak… euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaltzen dizkiela zarauztarrei, baina, gure ustez, euskara sailera bideratzen den diruak euskararen normalizaziorako izan behar du.
Beraz, nahiz eta hurrengo urterako euskara saileko aurrekontua nabarmen jaitsiko den, aurrera begira, Udalak aurrekontu hori gizentzen ahalegindu beharko du, beti ere, euskararen edota euskaldunon erabateko normalizazioa bizkortze aldera.
Halaber, ondoko beste hau ere esan nahi dugu:
Zarautz Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea ere ezinbesteko kontua iruditzen zaigula. Zergatik? Bada…
1. Euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzen eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatzen lagunduko duelako.
2. Udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa delako euskararen normalizazio prozesuan. Euskaraz biziko bagara, berez nagusi izango den lur-gunea behar dugulako, eta udalerri euskaldunak batuko balira, hori nolabait gauzatuko litzatekeelako.
3. Udalerri euskaldunetan %70etik gora euskaldun bizi delako, eta hizkuntza planifikazio aurrerakoia egin daitekeelako udal euskaldunetan, hau da, normalizazio bidea erdaldunetan baino errazagoa delako. Izan ere, udal euskaldunetan berezko euskal sareek (familia, lagunartea, eskola, administrazioa, gizarte-zerbitzuak, lan mundua,…) euskararen erabilera erraztu eta ahalbideratzen dutelako.
Horiexek dira, bada, Udalak 2012rako aurkeztutako egitasmoei buruz Zarauzko EHEk herritarrei nahiz Udalari adierazi nahi dizkienak.
|
Euskaraz bizi sarean