• 03
    MAI

    MIKEL URDANGARIN, Beasaingo EHEko kidea.

    "Euskara desagerraraztea xede badu ere, gogora dezala Sarkozyk euskaltzaleok Martxoaren17an Donostian ozen asko aldarrikatu genuela euskaldun izateaz harro gaudela eta sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe bizi nahi dugula"

    Hauteskundeetan murgilduta daude frantziarrak, baita ipar euskal herritarrak ere. Hauteskundeetan ohiko bilakatu den gisan, betikoan dabiltza hautagaiak: nork ziri handiagoa sartuko herritarrei. Ez nolanahikoak gainera!  Antonio ”Bolas” zegamarrak berak sinatzeko modukoak! 

    Baina bolak bola, gezurrak gezur, ez dugu ahaztu behar Frantziar Estatupean badela euskararen presentziarik, lege eta gainerako neurriez ito nahi badute ere, Ipar Euskal Herrian euskara bizirik dela!  Oraindik orain bertako zenbait herritarrek egunez egun hauspotzen badute ere, egoera ez da batere xamurra. Errealitatea errotik irauli nahirik,  hilaren 1ean jende andana elkartu zen Deiadar manifestazioan, Baionan, euskararen ofizialtasuna galdeginaz. Eta honen aurrean, hautagai nagusiek zer?

    Alde batetik, eskuindar zentralista amorratuak ditugu, Sarkozy tartean. Honatx berak botatakoa: «Ez dut nahi etorkizunean Europako epaile batek erabakitzea eskualde bateko hizkuntza Errepublikaren hizkuntza dela, frantsesaren mailan ezarriz». Guk ere ez dugu guri dagozkigun hizkuntza politikak zuek erabakitzerik nahi! Gainera, gure herrian erdarak ez dira euskararen mailan jarri, gainjarri egin zatzaizkio! Euskara desagerraraztea xede badu ere, gogora dezala Sarkozyk euskaltzaleok Martxoaren17an Donostian ozen asko aldarrikatu genuela euskaldun izateaz harro gaudela eta sasi guztien gainetik, euskaldun (euskaradun) eta burujabe (guri dagokizkion hizkuntza politikak guk geuk erabakiaz) bizi nahi dugula! Dirudienez, batzuek gorraizea dute! Gure mezua ondo barneratu artean ez gara ba isilduko! Ez horixe!

    Bestetik, Hollande, Boyrou eta Joly ditugu, besteak beste. Hollandek Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetzeaz gain, Frantziako Konstituzioa <>du, «hizkuntzen ituna berresteko gisan».  Hala ere, hau dena «munduan den hizkuntzarik ederrena, Frantziako hizkuntza ofiziala, mehatxatu gabe>>.  Euskaldunok sekula Frantzia euskaldundu nahi izan dugu ala? Euskara frantsesarentzat mehatxu inoiz izan al da ala? Nik dakidala ez behintzat! Guk urteetan euskarak jasandako bazterketaren ondoren, bere lurraldeak berreuskalduntze aldera euskara lehenetsiko duten hizkuntza-politikak  eskatzen ditugu! Horixe soilik! Lasai motel, frantsesak bizirik jarraituko du eta!

    Ñabardurak ñabardura, baikortasunari atxiki, Europako hizkuntza gutxituen ituna bere egin du! Pausotxo bat da behintzat! Hitzez ordea, eta hauteskundeak urreratu ahala, aspalditxoan jakitun  gara hitzek gezurrak izaten dituztela bidelagun. Oraindik, ordea, erabakitzeke dago nor izango den garailea. Zer espero dezakegu Sarkozyrengandik? Euskara zapaltzea, inolako gupidarik gabe! Eta Hollanderengandik? Egiari zor, harengandik ere ezer gutxi! Bozen aurretik botatakoa egia ote? Edo Antonio Bolasen bidea jarraitu nahi izan du? Garik zioen esperantzara kondenatuak gaudela; nire aburuz, ez! Borrokara kondenatuak gaude, garena izaten segi nahi badugu behintzat! Hala Pirinioen alde batean, nola bestean. Euskarak batzen gaituelako, euskaraz garelako!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.