UNAI BREA. Kazetaria
"Ez nago ados Mitxelena handiarekin; gure herriko umeek egiten duten euskarak oraindik euskara izena merezi ote duen zalantzan jartzen hasita nago"
2004an, Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako txostena ondu zuten, Eusko Jaurlaritzaren eskariz. Zoriak eraman ninduen hurrengo hilabeteetan hirurei elkarrizketa egitera, eta txosten hark esaten zituen zenbait gauzaz kezka nuenez, hirurekin luze jardun nuen gaiaz. Laburpen modura, hona hemen Garziak emandako titularra: “Askoren kezka nagusia ergatiboa zuzen erabiltzea da, baina ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa alperrikakoa da”.
Ez nuke esango ergatiboa zuzen erabiltzea nire kezka nagusia denik, baina kezka eduki badaukat. Agian gehiegi eskatzea da ergatibo guzti-guztiak bere tokian jartzea, ados, baina ergatibo bakar bat ere ez duen euskarazko jarioak zer pentsatua ematen dit. Bederatzi urteko alabaren adibidea daukat hurbilen. Ezin leporatu ergatiboa sekula ez erabiltzea, nor saileko aditzekin ederto baitarabil, “ahazten” zaizkion beste guztien orain modura akaso. “Nik joan naiz”, eta “ni egin dut”-ka, bere diskurtsoa garatzen du egunero gure alabak; eta esan dezadan, aitaren harrotasunaz, hunkitzen nauen diskurtsoa dela, dagoeneko demostratua baitu etorri handiko neska dela. Sarritan eragiten didate barrea haren ateraldiek, haren euskara edo dena delako mintzaira horrek samina eragiten didan hein berean. Dena borobiltzeko, berak lotsa gabe aitortzen du, nire barruko zuzentzailea azaleratzen denean, euskañolez ari dela, eta ez beste ezertaz.
Ergatiboarena adibide soila da. Egia esan, gero eta gaztelaniaren antz handiagoa du nire alabaren eta haren adinkide guztien sasi-euskarak. Are gehiago: ezin izango nieke ulertu nik ere gaztelaniaz ez baneki. Euskararen kalitateari buruzko txostenaren egileek aldarrikatzen zuten funtzio komunikatiboa bermatuta dago alde horretatik. Baina…
Koldo Mitxelenak esan zuen behinola, Nafarroako ez dakit zein eskualdeko hizkuntz bilakabideaz, –barka zehaztasun falta, ez dut erreferentzia aurkitu eta buruz ari naiz-, euskara erabateko ordezkapenaz galduko zela, galtzekotan, baina ez hiztunek hizkuntza bi nahastearen ondorioz. Alegia, euskara egin bitartean, ondo egingo zela. Amonarriz, Egaña eta Garzia bezain pertsonaia garrantzitsuenen lana ezbaian jartzen hasi naizenez gero, egin dezadan beste urrats bat eta ausart nadin Mitxelena handiarekin desadostasuna agertzera: gure herriko umeek egiten duten euskarak oraindik euskara izena merezi ote duen zalantzan jartzen hasita nago.
Gaur egun euskaraz ondo egitea oso zaila omen da; hamaika arauk, gomendiok, kalko okerren zerrendak eta abarrek hiztuna kikiltzen dute, seguru baita ahoa ireki orduko akatsen bat egingo duela. Arestian aipatutako txostenaren karietara emandako hitzaldi batean, Kike Amonarrizek behin berarengana joan zen lagun baten kexaren berri eman zigun. “Kike, ez dakit zer gertatzen den euskararekin, ezin da ezer esan norbaitek zuzendu gabe; nahiago dut erdaraz aritu”, esan omen zuen gutxi gorabehera. Ukaezina da hiperzuzenketak kalte egiten duela mesede baino, baina non ezarri muga? Erabileraren ateak irekitzearren, noraino desitxuratzen utzi behar diogu euskarari? Eta ez naiz Euskaltzaindiaren arauez ari, oinarrizko kontuez baizik. Ergatiboa, esaterako.
Euskara onena, erabiltzen dena. Onena seguru, baina… euskara?
PS: xehetasunen maitaleentzat, Sopelan bizi naiz. Bertako euskaldunek ulertuko didate, bai baitakit Ondarroa edo Zestoakoentzat zientzia-fikzioa dela esan dudan hau. Telebistan herri horietako umeak agertzen direnean berbetan, “zer ondo egiten duten euskaraz!” esaten du gure amak. Ez, ama, ondo ez. Euskaraz, beste barik”.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean