• 24
    MAI

    DURANGOKO EHE

    "Udaleko euskara plan eta sasi-araudi guztiek Euskal Herriko berezko hizkuntza den euskara antzokietako apaingarri legez azpiratua izatera kondenatzen dute. Izan ere, indarrean dagoen erdararen menpeko hizkuntza politikan oinarritzen dira"

    Udaltzainarengana laguntza eske jo, saiatu eta ezin. Udaleko idazkariarenera paper kontuak egitera urreratu, saiatu eta ezin. Herriko politikariarengana proposamen bat luzatzera gerturatu, saiatu eta ezin. Gura, saiatu eta ezin. Ezin euskaraz jardun, ezin euskaraz bizi. Euskararen herrian erdaraz.

    Eta zer egiten du udalak egunerokotasunean herritarrok euskaraz jarduneko dugun ezintasunaren aurrean? Zer egiten du euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko? Ahoa berba potoloz betetzen dute udal-agintariek; Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Euskararen Udal Araudia, eta Udal barnerako Euskara Plana badirela esanez. Baina, zer dago horien guztien atzean? Txakurraren putza! Plan eta sasi-araudi horiek guztiek Euskal Herriko berezko hizkuntza den euskara antzokietako apaingarri legez azpiratua izatera kondenatzen dute. Izan ere, indarrean dagoen erdararen menpeko hizkuntza politikan oinarritzen dira; jaietako urteroko bertso saioa eta euskarazko antzerkiak euskara sustatzeko planean jasotzen dituen hizkuntza politikan. Negargarria.

    Euskaraz bizi ahal izateko, udalak ere behar du izan euskaldun. Eta, gure iritziz, bai udala eta bai herria berreuskalduntzeko, euskarari lehentasuna eman, eta erdararekiko asimilazioa gaindituko duen hizkuntza politika burujabea behar dugu. Beraz, esan dagigun ozenki: Euskaraz bizi gura dugulako, hizkuntza politika burujabea!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.