• 04
    EKA
    Euskal Eskola Publiko Berria zabalduz
    Aitziber Mtz de Lagos

    AITZIBER MARTINEZ DE LAGOS. Sortzen-Ikasbatuazeko kidea

    "Eleaniztasunaz hainbeste hitz egiten den honetan, ulertu beharra dugu eleaniztasuna ez dela hizkuntza askoren batura soila, gaitasun bat baizik. Eta gaitasun hori, euskaratik abiatuta garatzea berebizikoa da"

    Azkenaldian, areagotu egin dira hezkuntza erreforma, dekretu eta murrizketa amaigabeak. Neurri hauek guztiak  egun indarrean dagoen sistemaren baloreak erreproduzitu eta transmititu asmo ditu hezkuntzaren bidez. Herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat.  Gure hizkuntza eta kulturak ondorio larriak izan ditzake neurri hauekin guztiekin, kulturaren, nortasunaren homogenizazioa indartzeko asmoa baitago hau guztiaren atzean.

    Irakasleek lan baldintza egokiak izan behar dituzte, hauen eginkizuna funtsezkoa baita etorkizunean herri batek izango duen garapenerako. Hezkuntzak aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen lagundu beharko du, behar handiena duenari laguntza handiena eskainiz. Zer esanik ez euskararen normalizazioa lortze bidean hezkuntzak egin dezakeen ekarpenaren bidetik. Euskaratik abiatutako den eleaniztasuna bultzatzeko beharrezkoa da ikasleei arreta berezia eskaini eta egoera bakoitza aztertzea.

    Hezkuntzaren bidez jendarte bidezkoagoa eraiki daitekeela uste positiboa dut. Eta baita euskararen normalkuntzaren bidean hezkuntzatik ekarpen garrantzitsua egin daitekeelako ustea ere. Eta hori du oinarri hain zuzen ere Euskal Curriculumak. Euskal eskola publiko berriaren alde lan egiterakoan, hizkuntzaren lanketa edukiekin batera joan behar duelako. Ezberdina baita euskaraz irakastea, euskara irakastea edo euskaraz bizitzea eskoletan. Eta hori dugu egun bultzatu beharrekoa. Euskaraz biziko den eskola, baina hizkuntzaz eta edukiz. Eta eleaniztasunaz hainbeste hitz egiten den honetan, ulertu beharra dugu eleaniztasuna ez dela hizkuntza askoren batura soila, gaitasun bat baizik. Eta gaitasun hori, euskaratik abiatuta garatzea berebizikoa da, euskararen normalizazio osoa lortu eta herritarren artean benetako euskaldun eleanitzak lortzeko. Horregatik, Sortzen-Ikasbatuazek erronka hartu du Euskararen Kontseiluak hainbat hezkuntza eragilerekin batera osatutako “Euskaldun Eleanitzak sortzeko proposamena” gaurdanik aplikatzeko ikastetxe eta herrietan. Ez baita soilik eskolaren eginbeharra, herriarena ere bada, eta horregatik hezkuntza komunitate osoaren, herriko eragile eta herritar ororen elkarlana du oinarri proposamen honek.

    Herrian parte hartzen duen eskola eta eskolan parte hartzen duen herria nahi dugu. Herritik eta herriarentzat eraikitako eskola. Horregatik, Maiatzaren 20an Iruñean burututako festan, 1512-2012 dinamikari gure ekarpentxoa egin nahi izan genion. Euriak zapuztu zuen arren, herritarrek herri proiektu honen garrantziaz ohartu eta laguntza eskaini digute egun hauetan zehar. Hezkuntza, herri oso baten ardura eta betebehar dela agerian geratu da, eta guzti honengatik eskerrak eman nahi dizkiegu euren ekarpentxoa eta animoz beteriko mezuak bidali dizkiguten guzti horiei.
    Ezartzen ari zaizkigun neurri, dekretu eta murrizketa guztiei herri bezala erantzuna eman behar diogu eta gaur inoiz baino beharrezkoa dugu gurea eraikitzea; Euskal Eskola Publiko Berria zabalduz Hezkuntza Sistema Propioa  eraikitzea.

    Hausnarketa horretatik abiatuta, modu kontzientean emanez ekin ahal izango diogu bideari. Errotik aldatuz. Edo aldatuz baino, berria eraikiz. Herriaren parte hartze zuzena duen Kalitatezko hezkuntza batek ziurtatuko du  herri oso baten garapena eta etorkizuna. Horregatik, Hezkuntzak lehentasun sozial eta politikoa izan behar du, eta beharrezkoak dituen baliabide eta inbertsioak jaso behar ditu.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.