• 18
    EKA
    Osasungintza publikoaren hizkuntza politika
    Roberto Manjon Lozoya

    ROBERTO MANJON LOZOYA.

    "Eusko Jaurlaritza berria bete nahi ez dituen arauen aurka ari da euskararen harrera soziala edo estatusa hondatu nahian, behin eta berriz jende aurrean jarriz langileen euskara-ezagutza eta zerbitzuen kalitatea kontrajarrita daudela, datuen eta logikaren kontrakarrean"

    Administrazio publiko handien euskara-planek lerro nagusi bi garatu izan dituzte: bata, herritarrei zerbitzua euskaraz ere ematea; bestea, langileei aukera ematea lana bere hizkuntzan jardun ahal izateko. Lerro biok 1982ko euskararen legetik datoz. Baina, nolanahi ere, aitortuta edo aitortu gabe, argi dago planen xedea ez dela administrazioak euskalduntzea, Legearena ez den bezala, arian-arian euskaldunen eskubideak urratzeari uzten joatea baizik, beti ere elebitasun orokorraren printzipiopean. Alde batera utzita elebitasun orokorra bideragarria ote den, eta orobat planetan hartzen diren neurrien zorroztasunari begiratu gabe, nolanahi ere bistan dago planon emaitzak eskuarki ez direla oso arrakastatsuak izaten, ez behintzat osasungintzan. Horregatik, komeni da haien akatsak zertan diren aztertzea.

    Akats metodologikoak: batasunaren zatiketa

    Arean ere, lan- / zerbitzu-hizkuntza banaketa horretan datza planon lehenengo arazoa. Nire irudiko, planok errealitatea metodoarekin nahasten dute, metodoa errealitatetzat hartuta. Metodologikoki, errealitatearen analisia egiten dugu, logikaz, eta beraz, zatitu egiten dugu, baina errealitatea bat bera eta bakarra da, zatiezinezkoa. Errealitatean ez dago mugarik ez lerrorik; mugok, banalerrook gure mundu sinbolikoaren proiekzioa dira, baita hizkuntzak, dialektoak... bereizten ditugunean ere. Eta zer esanik ez gizarteari bagagozkio.

    •   Lan-hizkuntza / Zerbitzu-hizkuntza: Errealitate zatikatu bat ikusten duen behakune oker horren ondorioz, euskara-planek jarduera eremu bi banatzen dituzte, independenteak balira bezala: batetik, herritarren hizkuntza-eskubideak, bestetik, langileen hizkuntza-eskubideak. Lehentasunak bereizteko beharra ukatu gabe, esan dezadan banaketa hori ondo legokeela aldi berean eremuok irmoki eta estu lotuta daudela pentsatuko bagenu, eta ondorioz, planen jardun-lerroak eta ekintzek elkarri eragin eta elikatzeko diseinatu eta burutuko bagenitu, baina ez da horrela gertatzen. Eskarmentuak erakusten du langileak lan-giroan zenbat eta motibazio txikiagoa daukaten euskara erabiltzeko, orduan eta motibazio eskasagoa gaixo eta senideekin ere erabiltzeko, eta beraz, euskara-planen helburuak betetzeko.

    •   Hizkuntza ikastea / Hizkuntza erabiltzea: Huts bertsutik, hots, gertakarien berezko batasuna hautsita ikustetik, dator beste arazo bat: ikasketa eta erabilera banatzea. Horrela, planen ondorioz euskara ikasten duten langileak ez dira hiztun-herriarekin bat egiten, ez herrietan ez lankide euskaldunen artean. Beraz, ikasketa-prozesua ez da joaten hizkuntza-integrazio prozesu bati lotuta, eta beraz, erabilera sozialari. Beste erabilera-motarik ez dagoenez, langileak ez du hizkuntza benetan ikasten, eta oinarrizko modu batean moldatzeko -ikasgela batean- ikasitakoa berehala galduko du, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu eta gutxira.

    •   Hizkuntza-eskakizunak / Erabilera-programak: Hizkuntza-eskakizunen ezarpena denaz bezainbatean, antzeko arazo batekin egiten dugu topo. Eskakizunok ezarri egiten dira, teorian, normalizazio-xede batzuk ahalbidetzearren, bestela esanda, erabilera bultzatzeko neurri jakin batzuen kariaz. Batzuetan, horretarako erabilera-programak diseinatzen dira ("unitate-planak" edo "programak"), hizkuntza-eskakizunak ezarritakoan nolanahi ere. Errealitatean, nahitaezko osagarri biok bakoitza bere aldetik doaz, eta finean hizkuntza-eskakizunak nahiz erabilera-programak ez deus izaten dira.

    Nago gauzak alderantziz egin behar liratekeela, urrats guztiak hertsiki lotuta eta bakoitzari behar beste denbora emanda, presarik gabe: lehenengo unitate-programa diseinatu, langileak informatuta eta kontzientziatuta. Ondoren hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-datak jarri, prestakuntza-programa atxiki, eta prestakuntza hori unitate-programa gauzatzeari lotuta burutu. Bide batez, prestakuntza hori ahal den neurrian inguruko euskal jarduerekin lotu behar litzateke, eta bereziki tokian tokiko administrazio-zentro txikietan -osasun-zentroetan kasu- euskaldun berriak euskal hiztun-herriaren kide bihur daitezen, alegia, benetan euskalduntzeko.

    Akats metodologikoak: Plan orokorrak eta tokiko enpresa-planak

    Jakina, horretarako euskara-planak sare hedakor baten antzera pentsatu behar lirateke, gune jakin batzuetatik abiatuta besoak luzatu eta hariak bilbatuz administrazioaren eremu osoa bereganatuko lukeena. Abiaburuan, euskara normalizatzeko premia handiago duten guneak leudeke -euskal arnasa-guneak-, plangintza arrakastatsuetarako baldintza egokiagoak dituztenak, oso garrantzitsua delako sarea arrakastan oinarrituta hedatzea porrotaren gainean egin ordez. Esan gabe doa diru-inbertsioak hobeto bideratu behar liratekeela, giza baliabideetan bereziki, trebatzaile eta dinamizatzaileena baita premiarik handiena.

    Berme instituzional ahula

    Eraikuntza horrek, berriz, zeinahi enpresa-planetan legez, aitzindaritza sendoa bezain argia behar du agintarien aldetik, mundu guztiak zalantza barik antzeman behar baitu normalizazioaren asmoa soziala eta interes handikoa dela. Aitzindaritza horrek hedakorra izan behar du, erdiko arduradunek ere partekatzea noraezekoa denez gero. Eta noski, transbertsala ere bai, erakundearen antolaketa osoa goitik behera ez ezik alderik alde ere zeharkatu behar duelako, euskararen gaia ezin baita txoko batzuetara mugatuta geratu, gune horiek entzute handikoak balira ere. Eta askotxok dakigunez, ezinbesteko aitzindaritza hori da administrazioetako euskara-planen gunerik ahulenetariko bat.

    Osakidetza

    Euskara-planaren arazoak

    Arestian esandakoak izan dira Osakidetzaren gabeziarik handienak: aitzindaritza-falta, zuzendaritza nagusian eta erakunde askotan; eta euskararen gaia normalizazioa gauzatu behar den egituren lerro hierarkikotik landa egotea, hots, transbertsalitate eza handia. Hori guztia Osakidetzako Euskara Zerbitzuak argi utzi du bere ebaluazioan. Esan genezake euskararen normalizazioa botere-guneetatik kanpo geratu dela, ez duela izan behar besteko botere-bermerik. Jakina, zutabeek huts egiten dutenean, ez du merezi teilatuaz arduratzea, esan nahi baita Euskara Planaren xedeak askoz anbiziotsuagoak izan balira ere, ondorioak berdintsuak izango ziratekeela.

    Urratsak egin dira, noski, batez ere testugintzaren arloan, hutsuneekin bada ere; ahozko komunikazioan ere saioak egon dira, zenbait erakundetan erabilera-irizpideak zehaztuz eta zabalduz, nahiz eta horren gaineko heziketa eta jarraipena eskasak izan diren; zuzendaritza sentikorrak egon direnean, hala nola Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan, ahalegin handiagoak egin dira, partaidetza eta sustapen-neurriak bultzatuz. Oro har. Euskara-zerbitzuaren ebaluazioak argitu duenez, funtsezko neurriak hartu gabe geratu dira babes faltagatik.

    Planaren hutsune nagusiak

    Laburtu beharrez esango dut hutsak, gehienbat, hiru eremutan ageri direla:

    •    Antolakuntzan: planaren estatus egokia eta, oro har, arduradunen aitzindaritza sendotu eta ziurtatzeko.

    •    Erabilera errazteko ekimenetan: administrazioak aurre-ekimena izan behar du herritarren aurrean, bestela herritarren bizkarrean uzten baitu hizkuntzaren egoera zuzentzeko ardura.

    •   Langileriagan: langileen jarrerari eragiteko eta gaitasuna hobetzeko.


    Orain okerrago

    Neurri horietatik gehien-gehienak 2009an egindako ebaluazioak berak proposatu zituen, eta orduan eratutako Eusko Jaurlaritza berriari zegokion betearaztea. Horretatik oso bestera, gobernu berria urratsak atzera egiten dabil. Ezaguna denez, ez du neurri garrantzitsurik bete, baina hasi bezain laster euskara-planaren muinari eraso dio euskara-kalitatea ezinbesteko lotura hautsiz, euskararen erabilera atera baitu Osakidetzaren jarduera eratzen duten programa-kontratuetatik, zeinek ordura arte zerbitzuen kalitatea neurtzeko irizpideen artean euskararen erabilera balioesteko betebeharra baitzekarten.

    Hori bakarrik balitz, gaitzerdi. Plana eraistera jotzeaz batera, Gobernua bera bete nahi ez dituen arauen aurka ari da euskararen harrera soziala edo estatusa hondatu nahian, behin eta berriz jende aurrean jarriz langileen euskara-ezagutza eta zerbitzuen kalitatea kontrajarrita daudela, datuen eta logikaren kontrakarrean, baina lehenetsiz gobernuko alderdiaren interesak eta merkatu ideologikoa.

     

    Ondorioak

    Euskal Herrian euskara hizkuntza normala ez den bitartean, baina normaltasuna erdiesteko bidean, Osakidetzako eta osasungintzan diharduten beste erakundeetako agintariei eskatu behar zaiena da, oro har, aurreko atalean modu negatiboan, hots, gabezi edo ments gisa aipatutako guztia. Bereziki, zerbitzu elebidunen eskaintzan jarrera aurre-aktiboa izatea:

    •    Euskaldunei une oro argiro uztea zer zerbitzu eman zaien euskaraz, zein langilek artatuko gaituen gure hizkuntzan.

    •    Prozesu asistentziazko eta arretazko guztietan euskararen erabilera kontuan hartzea, hala prozesuaren kalitate-betekizunetan eta jardueran neurtzeko adierazleetan nola prozedurak hobetzeko aurreikusten eta programatzen diren ekintza eta egitasmoetan.

    •    Orobat, ezinbestekoa izango da herritarren gaineko informazioa eskuratzen den guztietan (harrera eta onarpenetan, harrera-protokoloetan, Osasun-txartel Indibidualean...) hizkuntza-lehentasuna jasotzea eta, ondoren, herritarra unitate eta langileen artean mugitzen denean, informazio hori transmititzea ere.

    Jakina, horrek guztiak goitik beherako bultzada handia behar du, bai eta langile nahiz arduradunen kulturan aldaketa sakonak eragitea ere, zeren, neurriak gorabehera, ezer gutxi lortuko baita langileek eurek modu aurre-aktibo batez jokatzen ez badute euskalduna zein den atzemateko eta, orduan, lehenengo hitza ere euskaraz egiteko.

    Baina konponbidearen giltza orokorra euskalduntasunaren mami sozialean datza. Benetan aurrera egiteko, Osakidetzan ere euskaldunok sinbolo izatetik errealitate sozial ukigarria izatera igaro behar dugu, zentro eta zerbitzu bakoitzean igaro ere, hori gabe politika orok asmo hutsaren maila nekez gaindituko du eta. Entelekia bat, kea izateari ez dio utziko. Nola egon daiteke euskara euskaldun herririk gabe? Hori da lehentasun gorena: euskaldunak bateratzea, erkidegoa trinkotzea, gune sinbolikoak eratzea eta sendotzea. Gobernu on batek lagundu dezake horretan, eta lehentsuago aipatu ditudan partaidetza-taldeen bidea erraztu, baina gobernuaren laguntzarik gabe ere egin ahal dugu, motelago agian, protagonistak gu geu garelako.


     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.