• 27
    UZT

    MIKEL URDANGARIN. Beasaingo EHEko kidea

    "Krisi garai hauetan autoeskolako azterketa egitearren sekulako dirutza ordaindu ondoren, ezin ba dona dona egin! Arduradunari galdetu behar derrigorrean. Galderak ”perdona, no entiendo el euskera” (barkatu, ez dut euskara ulertzen) erantzuna jaso du"

    Horixe da euskaldunon egoera islatu nahi duen antzerki baten izena. Bat nator, nahiz gaurko gertaeraren ondoren ez dudan hain adeitsua izan nahi eta barrenak gustura usteko asmotan idatzi nahi ditudan lerrook. Argi eta ozen esanaz: euskalduna naiz eta kokoteraino nago!

    Ikasturteko estresak alde batera utzi eta udako arratsak igerileku alboko zelaietan tripaz gora, izozkia eskuan lasai igarotzeari muzin egin eta auto eskolan makina bat arrats igaro ostean, gaur goizean nuen barneratutako ikasgaiak azaleratzeko zita. Goizean goiz.

    Jaikiagatik lo, makarrak oraindik kentzeke, hantxe azaldu naiz, azterketa gaindituko nuela sinistuta. Azken zalantzak argitu eta azterketa gelara bertaratu bezain pronto izan dugu bertako arduradun parearekin estreinako hartu-emana. Azterketan egin beharrekoa azaldu digute. Gaztelera hutsean noski! Egunon esanaz agurtu bagintuzte sikiera… Nola ba!

    Testeko 30 hutsuneak betetzeke, beste horrenbeste minutu nituenez jo eta ke ekin diot lanari. Aparteko arazorik ez, 28. galderarekin topo egin arte. Hona hemen galdera:

    - Lehenengo bi urteak gidabaimena edukirik, zenbateko alkoholemia tasa dago baimenduta?

    a) (Ez naiz gogoratzen)
    b) 15 miligramo litroko arnasan, 30 gramo litroko odolean.
    c) 25 miligramo litroko arnasan, 50 gramo litroko odolean.

    Zer ote da lehenengo bi urteak gidabaimena edukirik? Lehen bi urteetan, bi urteak igaro ostean? Krisi garai hauetan azterketa hori egitearren sekulako dirutza ordaindu ondoren, ezin ba dona dona egin! Arduradunari galdetu behar derrigorrean. Eta jada ohikoa den legez, euskaraz egindako galderak ”perdona, no entiendo el euskera” (barkatu, ez dut euskara ulertzen) erantzuna jaso du. Orduan, nola ulertuko du ba euskarazko ereduko galdera baten esanahia? Beno, galdera horretako pasarte horri euskara dei badakioke behintzat…

    Azkenean, zozketa egin eta itsu-itsuan erantzun bat hautatu behar. Oker ez banago, b aukera hautatu dut, galdera taxuz eginda balego ziurtasun osoz erantzungo nukeenean. Ongi ikasia baitaukat gidabaimena lortu eta hastapeneko bi urteetan 15 miligramo litroko arnasan eta 30 gramo litroko odolean dela baimendutako gehieneko alkoholemia tasa eta bi urteak igarotzean, edota gidari profesionala izanez gero, 25 miligramo litroko arnasan eta 50 gramo litroko odolean. Beraz, ez diezadatela esan aitzakiatan nabilenik!

    Eta orain, zer? Erantzuna jakinda gaizki erantzun eta galdera horren ondorioz azterketa gainditu ez badut, zer? Beste astebete igaro behar al dut autoeskolan? Nork ordainduko du tasa gehigarria? Euskaldunok ez al dugu azterketa duintasunez egiteko eskubiderik ala? Doazela pikutara!

    Hala ere, azterketa gaindituko dudalakoan…

    EUSKALDUNA NAIZ ETA KOKOTERAINO NAGO!!!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.