ITZIAR CLAVER HERRERA ETA HAIZEA RAMIREZ DE ALDA POZUETA. Altsasuko EHEko kideak
"Seinaleengatik 6.000 euro ordaintzeaz gain, epaiketara ere deituak izan gara. Altsasun aspalditik ezabatuak dauden seinaleengatik zigortu nahi gaituzte, eta irailaren 11n epaitegian geure burua defendatu beharko dugu"
Irailaren 11n Altsasuko EHEko bi kide epaituak izango gara. Epaituak euskaraz bizi nahi izateagatik? Euskarak jasaten duen zapalkuntza azaleratu nahi izateagatik? Euskarak bere lurralde osoan izan beharko lukeen burujabetza aldarrikatu nahi izateagatik? Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan, eta horren adierazleetako bat Euskal Herriko paisaia linguistikoa dugu. Mendeetan espainiar zein frantziar estatuek gurea asimilatu nahi izan dute, eta arlo askotan lortu ere egin dute. Beraien hizkuntzak oso errotuak ditugu, eta, egun, ez zaigu oso arrotza egiten espainola zein frantsesa edonon ikusi edota entzutea. Baina horiek al dira gure hizkuntzak? Horiek al dira Euskal Herriarentzat nahi ditugun hizkuntzak?Guk argi dugu erantzuna; ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk nahi, eta horren alde borrokan jarraituko dugu.
Borroka horretan, azaroan paisaia linguistiko euskalduna aldarrikatzera atera, eta identifikatuak izan ginen. Foruzainekin euskaraz aritu ginen, baina beraiek ez zuten hori oso gustukoa izan, eta, horren harira, isunak iristen hasi ziren; 300 euro euskaraz egiteagatik, eta 6.000 seinaleak ezabatzeagatik. Lehenengoa bertan behera geratu zen, eta bigarrena ordaintzeko gureak ikusi genituen, oraindik zorrak ditugularik. Seinaleengatik 6.000 euro ordaintzeaz gain, epaiketara ere deituak izan gara. Altsasun aspalditik ezabatuak dauden seinaleengatik zigortu nahi gaituzte, eta irailaren 11n epaitegian geure burua defendatu beharko dugu. Guk bezala Altsasuk paisaia linguistiko euskalduna izan behar duela uste dutenek egindako ezabaketak dira, eta guk egin ez bagenituen ere, gure ideiak defendatzera joko dugu epaitegira.
Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizitzen saiatzen gara eta euskarak jasaten dituen zapalkuntza eta erasoak salatzen jarraituko dugu. Euskal Herri euskaldun eta burujabe batean sinesten dugu, eta hori eraikitzeko bidean guztiok dugun ardura gogorarazi nahi dizuegu.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean