• 03
    URR
    Antonio Basagoiti eta sen ona
    Unai Brea

    UNAI BREA. Kazetaria

    "Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar"

    Africa Baeta aurkezleak esan bezala, ETBk datozen EAEko hauteskundeak irabazteko aukera duten hautagaiak eramango ditu Euskadi Pregunta saiora. Bide batez, PP eta PSE-EEko lehendakarigaiak ere eramango ditu. Hala, ezinbestean Euskadi Pregunta behar du saioak, eta ez Euskadi Galdezka edo tankerako zerbait, bertara joango diren hautagai guztiak ez baitira euskaldunak. Ez daukat zalantzarik edonola ere gaztelaniaz egingo luketela saioa, baina hori beste kontu bat da.

    Lerrook idazteko momentuan emititu den azken saioan azaldu zituen Antonio Basagoitik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak, euskarari buruz dituen ideietako batzuk. Berehala jarri zioten aukera parez pare. Galderaren doinuak argi eman zuen aditzera galdetzailea ez zegoela, ideologikoki, Basagoiti jaunarengandik lar urrun: “Ikasgeletan euskara hain modu lazgarrian sustatzen jarraitzeko asmoa daukazu, enplegua lortzeko aukera gehiago ematen duen ingelesaren kalterako?”. Hain planteamendu bortitzak aukera eman zion Basagoitiri, zer esanik ez, moderatu gisa agertzeko. Berak euskara sustatu, sustatu egingo zuela erantzun zuen lehenbizi, zer esan behar zuen bestela. Baina…

    Euskararen sustapenak baditu bere mugak, azpimarratu zuen Basagoitik. Ez aparteko ezer, sen onak agintzen duena baino ez. Arazoa da eskuinak, oro har, eta PPk, bereziki, dutela sen onaren monopolioa, agidanez. Sen ona da adibidez ezin dela lehenetsi mediku euskalduna mediku onaren ordez, jakina baita mediku euskaldunak txarrak direla berez. Hobe da milaka gurasok beren seme-alaben hitzak itzuli behar izatea pediatrari, ume gaixoen osasuna pediatra baldarren esku uztea baino. Eta hobe da… Tira, hemen esplikatu behar dugu orain sen ona zer den?

    Euskara bai, baina inposiziorik ez. Ez da hain zaila, ba. Horrela ulertzen da Basagoitiren eta beste askoren haserrea, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenean kontratatzen dituen enpresek, herritarrekin harremana izango badute, euskararen ezagutza frogatu beharko dutela (neurri horrengatik Bildu kritikatu duten hedabide askori “ahaztu” zaie aipatzea eskaria jende aurreko jardunari dagokiola soilik). Alegia, legea betearazi nahi du Bilduk, eta gipuzkoar guztien hizkuntz eskubideak babestu (enpresa horiek gaztelaniaz jarduteko gaitasunik ezin dezaketela eduki ez da inon esan, nik dakidala). Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar. Txarrena da seguruenik Basagoitik esandako horrekin bat datorrela abertzale usteko bat baino gehiago.

    Juan Luis Arsuaga paleontologo ospetsuari entzun nion behin aurrerapena (aurrerapen zientifikoa, berak emandako adibidean) sen onaren aurkako borroka etengabea zela.  Sen onak diosku, esaterako, Lurra geldi dagoela eta haren inguruan biraka eguzkia eta enparauak. Kontrakoa defenditzea larrutik ordaindu behar izan zuten batzuek. Euskal Herrian ere, oraindik izerdi askotxo dugu botatzeke, urriaren 21ean milaka boto eskuratuko dituen sen on madarikatu hori gainditu bitartean.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.