IGONE LAMARAIN ETA UNAI LARREATEGI. EHEko kideak
"Egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu"
Euskaldunok geure burua zapaltzaile gisa ikusteraino menperatu gaituzte. Euskaraz bizi nahi izatea inposaketa bihurtu daitekeela sinetsarazi digute. Horixe da minorizazio prozesuaren ondorio latza. Eguneroko bizimoduaren distortsio neurrigabea, borreroa biktima eta aldi berean biktima borrero bihurtzerainokoa. Eta honek baditu erantzule zuzenak.
Minorizazioaren ondorioz gure herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera ere eman diogu. Euskara ez da erdigunea, euskara beste gai bat gehiago da gehienez ere. Eta honek ere baditu bere erantzuleak.
Honela laburbildu zuen Xalbadorrek hori guzti hori:
“Lehen sartu zitzauzun ezpata zorrotza
zure etxe nagusi jartzean arrotza
halere ez zitzaizun gelditu bihotza
etxekoen eskutik duzu heriotza.”
Zorionez oraindik ez zaigu bihotza gelditu. Baina, mendeetako konkista kulturalari aurre egiten ez badiogu, uste baino lehenago aurki dezakegu heriotzaren amildegia.
Etsipenetik idazten dugula ezin ukatu, baina ez gatoz hil kanpaiak jotzera. Garai berriak bizi ditugu, baina euskaldunak espabilatu ezean garai berriak “zaharrak berri” bihurtuko zaizkigu azkar baten.
Espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. “Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko” esan, edota ikustaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari.
Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu. Abenduaren 1ean Kontseilutik egin dugun deialdia aukera paregabea dugu indarrez gure bizi nahi hori erakusteko.
Baina bizi nahia erakusteaz gain, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu.
Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko.
Azaroaren 24an bertan 30 urte beteko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Legea onartu zela. Sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte, finean.
Badugu, beraz, gure bizi nahia non elikatu, aukera ugari dugu. Euskaraz bizi, independentziaz bizi! Eta adi mobilizazioei!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean