• 10
    ABE
    Zer eta zertarako?
    Maite Inda

    MAITE INDA. Kontseilua

    "Euskaraz bizitzea, zailtasunak zailtasun asebetetzen eta herritar gisa egiten gaituen zerbait ere bada. Horregatik tinko jarraitzen dugu dauzkagun aukera urriak baliatzen eta berriak sortzen.Egoera hau nola gainditzen da, ordea? Euskalgintzak definitua du ZER egin behar den eta ZERTARAKO nahi duen hori egin dadin"

    Esaldi hori azalean tatuatua daukat. Txikitan zerbait nahi nuenean, banekien nori eskatu behar nion: eman ziezadakeen horri hain zuzen. Ahaleginen ekonomian, gauza batzuk amarekin negoziatzen nituen, besteak aitarekin. Urteak bete ahala, ordea, ahaleginen ekonomia makurtzen joan zitzaidan. Esango nuke lehen alaba izanik, gurasoek bidea eginez ikasi zutela. Eta esaldi bat ezarri zuten negoziazio orotan: ZER eta ZERTARAKO? “Zertarako” horrek zaildu zizkidan nahi nituen batzuk lortzea, beste batzuk erdiestea bideratu. “Zer?”, “Maitaneren etxean lotan geratzea” eta “Zertarako?”, “Bere gurasoak ez daudenez parrandan ateratzeko” edo “Filosofiako azterketa elkarrekin prestatzeko”. Eta hor dago gakoa, ez da horrenbeste ZER nahi duzun, hori ZERTARAKO nahi duzun baizik.

    Abenduaren 1ean milaka izan ziren “euskaraz bizi nahi dut” aldarrikatu zuten herritarrak. Egunerokoan nahi hori gauzatzeari begira erabaki irmoak hartzen dituzten norbanako nekaezinak, ahalegin zenbatu ezinak egiten dituzten  norbanako konprometituak. Bertan izan zen bere herrian euskaraz ikasteko aukerarik ez eta egunero hainbat kilometro egiten dituzten seme-alabak autobusera igotzen dituena; erosketa egiteko harategi euskalduna lehenesten duena; administrazioan euskaraz artatua izan dadin exijentzia egiten duena; euskarazko prentsa irakurtzen duena; txikitan aukerarik ez eta heldutan euskara ikastea erabakitzen duena; eta abar luze bat. Konpromiso eta ahalegin pertsonal hori askorena izanik, komunitate gisa hainbat helburu erdietsi ditugu. Are gehiago, egun euskaraz bizitzeko ditugun aukerak konpromiso eta ahalegin sendo horien ondorio dira.

    Euskaraz bizitzea, ordea, ez da soilik euskaldunaren begi zorrotzak aurkitzen dituen aukerak aldioro kosta ala kosta baliatzea. Ez da euskaraz jarduteko nahi hutsagatik jarrera erasokorrak jasan behar izatea. Ez da gure tramitea euskaraz burutu nahi izateagatik erdaraz burutzen duenak baino denbora eta zailtasun handiagoak pairatu behar izatea. Euskaraz bizitzea, zailtasunak zailtasun asebetetzen eta herritar gisa egiten gaituen zerbait ere bada. Horregatik tinko jarraitzen dugu dauzkagun aukera urriak baliatzen eta berriak sortzen.

    Egoera hau nola gainditzen da, ordea? Euskalgintzak definitua du ZER egin behar den eta ZERTARAKO nahi duen hori egin dadin.

    ZER?
    1. Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea
    Espainiar Hezkuntza ministerioak (edo Frantziakoak) gure seme-alabek zein hizkuntzatan ikasi behar duten erabaki ez dezan, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika behar dugulako

    2. Estatus egokia: Berezkoa, Ofiziala, Lehentasunezkoa eta Ezagutu beharrekoa
    Denborak erakutsi duelako soilik ofiziala izateak ez duela bermatzen euskaraz bizi ahal izatea.

    Herritarrok orain arte bezala aurrerantzean ere bide horri eutsiko diogula zalantzarik ez dut, baina bada garaia behingoz herri gogo hori gauza dadin eta egungo egoera irauli dezagun eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomiko guztiek, bakoitzak bere eremuan, ardurak har ditzan. Helburu horrekin, Kontseiluak 2012ko maiatzean alderdi eta gainerako eragileei eskura eman zien Euskararen gutxienekoak izeneko dokumentua.

    ZERTARAKO? Euskaraz bizitzeko 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.