{mosimage}Agerraldi honen bitartez, Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoera larria salatu nahi dugu, arrazoi ezberdinak ditugula horretarako. Batetik, euskararen normalkuntza helburu ez duten egitasmo, plan eta proiektuekin egin nahi diguten iruzurra salatu nahi genuke. Bestetik, sasi proposamen horien bidez beren aurpegiak zuritu nahi dituztenek, beste behin ere, euskaltzaleen aurkako frontea zabalik dutela salatu nahi dugu, zigor bideak aplikatzen dituztela horretarako.
Prentsaurreko testu osoa irakurtzeko klikatu albistean...
Euskal Herriak eta euskal herritarrek aldaketa behar dugu
Historiaren kate luzean, egungo marko eta legediak ezinbesteko kate-begi bihurtu dira euskararen berreskurapena posible ez izateko; euskararen hilzori egoeraren konplize bilakatu dira kate-begi horiek.
Gaur egungo marko juridiko, legedi eta politika horiek euskararentzat agorturik daudela ez da zalantzarik euskal jendartean. Euren porrotaren jabe dira euskal herritarrak. Azken aste hauetan, alderdi politiko batzuen eskutik etorri diren mugimenduek ere aldaketaren beharra azpimarratu dute. Aitzitik, zer helburu edo norabide dute aipatu mugimendu horiek? Une honetan, aipatu markoa gainditzea izan behar da erronka nagusia, hizkuntza eskubideen aitortza Euskal Herri osoan gauzatu beharra dagoela izanik mugimendu guzti horien iparra eta noranzkoa.
Argi dugu, euskararen normalkuntzan eta hizkuntza eskubideen defentsan protagonistaren bat egon bada, horiek euskalgintzako eragileak eta euskaltzaleak izan direla. Egungo marko eta legedien pean jarduten duten instituzioek ezer gutxi egin dute normalkuntzaren bidean urrats eraginkor eta atzeraezinak emateko. Sasi-proposamen eta inora ez garamatzaten irtenbidez erosi nahi izan gaituzte. Ugariak dira azken urtean administrazio ezberdinek aurkeztu dituzten egitasmoak. Hizkuntza politika, halaber, berbera izaten jarraitzen du eta beraien helburuak ez dira, inondik inora, euskaldunoi dagozkigun eskubideen bermea, ezta hizkuntzaren normalizazioa ere. Marko juridiko honek euskaldunon hizkuntza komunitatea zatikatu eta desitxuratzeaz gain, hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzen du.
EHEk, beste behin ere, euskaldunoi egin nahi dizkiguten amarru berriak salatu nahi ditugu eta argi adierazi, euskararen lurraldea Euskal Herria dela eta bertako berezko hizkuntza euskara dela. Hizkuntza eta lurraldearen arteko lotura saihestezinean, euskaldunon hizkuntza eskubideak lurralde osoan aitortu eta bermatzeko aldaketa politikoa ari gara aldarrikatzen. Behin eta berriz eskatu dugu egoerari ausardiaz heldu eta euskarak behar duen hizkuntza politika adostu dezaten; bada garaia euskarari Euskal Herri osoan dagokion estatus ofiziala aitortu eta errespetatzeko, eta horretarako, ezinbestean, beharrezkoa dugu marko eta legedi berri baten ezarpena. Modu honetan, ez bestela, lortuko dugu hizkuntzaren normalizazioa, ofizialtasun osoa izanik gakoa.
Justizia administrazioa euskararen etsaia
Aipatu egitasmo, plan, eta proiektu horien egileek, ordea, ezin dute ezkutatu beren helburua ez dela eskubideen aitortza eta errespetua. Izan ere, eurek kudeatzen dituzten administrazioak dira, hain zuzen, gure eskubideen urratzaile direnak. Administrazioz administrazio, zapaltzaile direnen zerrenda luzea osatu genezake; gaurkoan, aldiz, justizi administrazioari begira jarri behar gara ezinbestean.
Ez da lehen aldia euskaldunak justiziaren aurrean bigarren mailako biztanleak garela esaten duguna, hizkuntza arrotzetan aritzera behartzen gaituztela sistematikoki. Euskaldun izate hutsagatik epaituak izan gara; baina ez hori bakarrik, epaiketak luzatu egin dizkigute, zigor ekonomikoak ezarri edota kartzela-zigorrak jasan behar izan ditugu. Hemen daude gaur gurekin egoera horiek beraien azaletan bizi izandako hainbat euskaltzale.
Justiziaren eremuan larriak dira ematen diren urraketak; askotan, babes-judizial eraginkorra edota defentsa-eskubidea bera ukatzen dira (beraiek ezarritako legedi propioa ez errespetatuaz). Baina haratago doa auzia, izan ere, norberaren hizkuntza eskubideen alde egiteak zigor-penalak ere ekar bailitzake. Hamaika dira aipa genitzakeen kasuak: zitazioak edota epaiketa batean parte hartu dugunaren ziurtagiriak hizkuntza arrotzetan helbideratuak egotea, epaiketa batean euskara ez den bestelako hizkuntzetan deklaratu behar izatea edota interprete baten presentziaz egin behar izatea, justizi administrazioan topa genitzakeen agiriak erdara hutsez egotea edota harrerako zerbitzariak, epaileak, fiskalak, zein dena-delakoak euskaraz ez jakitea… Zentzu berean, aipatzekoa da 953/2006 espedientea. Honi dagokionez, euskaraz deklaratu nahi izanez gero, administrazioak eskaintzen duen aukera atxiloketa-aldia luzatzea da, hau da, beste gau bat zeldetan pasa behar izatea, “hizkuntza eskubideak errespeta” daitezen. Benetan larritzekoa!
Egun hauetan, urterik urte luzatzen joan den auzi ezagun baten beste kapitulu bat iritsi zaigu. Oraingoan, Gabi Basañez dugu soken aurka jarri dutena; abenduan, hamaika euskaltzale epaituko dituzte bi egunez hizkuntza eskubideen aldeko ekimen bat egiteagatik, bosna hilabeteko eskaera dutela bizkar gainean. Edozein egunetan, aitzitik, bere hizkuntza eskubideen defentsan dabilen edonor izan daiteke aurrez aipatutako kasu guzti horiek paira ditzakeena.
Lehen aipaturiko argazki orokorrean dago egoera honen gako nagusia. Markoaren agorpena behin eta berriz agerian geratzen da horrelako kasuak jazotzen direnean, eta ez aldatu artean, gertatzen jarraituko dira. Argi dago, administrazioei eta arduradun politikoei dagokiela egoera hau aldatzea; ez soilik horrelako egoerekin amaitzea, baizik berriz ere gerta ez daitezen neurri eraginkorrak hartzea ere. Beraiei dagokie, lehen lerroan, eskubideen defentsan eta aitortzan buru-belarri aritzea, eta ez, egiten duten moduan, horiei muzin egin eta zapaltzen ibiltzea.
Beharrezkoa dugu Justizia administrazioa, beste administrazioekin batera, euskalduntzea; beharrezkoa dugu, herritarren ordezkari eta babesle diren neurrian. Ez gara bigarren mailako herritarrak beraz, egoera hau alda dadin eman beharreko sakoneko aldaketak exijitzen ditugu.
EHEk ez du horrelako jarrerarik onartuko
Euskalduna izatea delitua da egungo administrazioetan, gaizkileak gara legearen aurrean. Eta hori ez dago inor onartuko duenik! EHEk, bederen, ez du horrelako jarrerarik onartuko!
Argi utzi nahi dugu, dagozkigun hizkuntza eskubideen aldeko dinamikan sendo ariko garela eta hala egin behar dutela euskararen aldeko herri mugimendu zein euskal herritarrek ere. Egungo agintariei men egin barik, herriz herri, zein auzoz auzo, asko da egiteko dugun lana. Euskararentzako marko berri baten ezarpena egon artean eta hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatu artean, euskaltzaleek ez dute geldiunerako tarterik izango. Eraso berri baten aurrean, hor egongo gara euskaltzaleak eskubideen aldeko eraitsi ezinezko horma legez.
Urraketak salatu eta kalera irteteko deia zabaldu nahi dugu. Ildo horretan, datorren urriaren 4ean 9:30etan Bilboko Justizia Auzitegian urteetan luzatu den Gabi Basañez euskaltzalearen epaiketan orain arte aipatutako auziak salatzeko aukera dugu.
Guztion indarraz eta borrokaz lortuko dugu, eremuz eremu, dagokion tokian defendatuz, geureak diren eskubideen aitortza eskuratzea. Guk argi dugu:
EUSKARARIK GABE, EUSKAL HERRIRIK EZ!
|
Euskaraz bizi sarean