Antonio Sanchez Ibañezek uste du gaztelania dela epaitegietako hizkuntza, Botere Judizialaren Legeari jarraiki. Berako Udalak epailearen jarrera txarretsi du, eta justizian euskaraz aritzeko ezintasuna salatu.
Berako Udalak (Nafarroa) ezin izan ditu epaiketako prozedurak euskaraz egin. Horrela erabaki du Antonio Sanchez Ibañez epaileak Botere Judizialaren Legean oinarriturik. Ekimen judizial orotan gaztelania erabiliko dela azaltzen du Lege horren 231. artikuluak. Dena den, artikulu berean dio hizkuntza ofizialak erabili ahal izanen direla bi aldeetako batek espreski ez erabiltzea eskatzen ez duen bitartean. Nafarroako Gobernuak ez zuen ezezkorik eman, baina epaileak ez duela euskaraz zertan egin ulertu du legea interpretatzerakoan.
Auzia Berako liburuzainaren lanpostu eskaintzarekin hasi zen. Nafarroako Gobernuak ez zuen hizkuntza perfilik eskatu, eta, horregatik, Berako Udalak auzitegietara jo zuen. Epaiketako prozedura denak euskaraz egiteko eskatu zuen orduan, eta Nafarroako justizia Auzitegiak uko egin zion eskariari. Erabakiarekin ados ez, eta errekurtsoa paratu zuen udalak. Nafarroako 2. administrazio epaitegiak hartu du erabaki finkoa, ez baita errekurtso gehiagorik onartzen.
Udalaren salaketa
Sanchez epailearen jarrera txarretsi egin du Berako Udalak, eta Justizian euskaraz aritzeko ezintasuna salatu du. " Epailearen erabaki honek agerian uzten du euskaraz normaltasunez funtzionatzeko dauden arazoak eta oztopoak, eta batez ere, borondate falta". Haien aburuz hizkuntza eskubideen kontrako neurria da epaileak hartutakoa. " Herritar orok dugu eskubidea gure hizkuntzan aritzeko, eta hori bermatzea dagokie administrazio guztiei”, esan dute. Horregatik, euskal hiztunon eskubideak errespetatzeko eta bide horretan "beharrezkoak diren urratsak" emateko galdegin dio Espainiako administrazioari.
Asteartean agerian geratu zen beste behin ere euskaldunondako ez dela justiziarik. Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Aldak epaiketa izan zuten Iruñeko Auzitegian 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartzeagatik. Ezin izan zuten deklaratu, ez zutelako itzultzailerik onartu. "Ez dut ulertzen bertako hitzkuntzan hitz egiteko interprete bat behar izatea hemen", esan zuen Claverrek epaiketa hasi aurretik.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean