• 01
    URR

    EHEk Nazio Batzarra egin du urtero legez ikasturtean zehar eragileak landuko dituen ildo eta ekimen nagusiak adostu eta horien atzean dauden oinarri ideologikoen inguruan hausnartzeko. Billabonako Geroa Zinemako erakusketa aretoan burutu da Nazio Batzarra eta Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako kideek hartu dute parte bertan. Euskal Herri euskaldunaren bidean euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzea izango da EHEren aurtengo helburu nagusia.

     

     

    “Euskaraz bizi!” izango da, azken urteotako ildotik, EHEren ekimen osoa baldintzatuko duen leloa eta aldarria. Auzolanaren eta jendartearen kontzientziatze eta aktibazioaren bidez Euskal Herri euskaldunerako bidea egiten jarraitzea aldiz, helburua.

    Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek emandako eztabaidak hizkuntza ordezkapena oinarrian duen asimilazio prozesuari aurre egitearen beharra nabarmendu du. “Asimilazio prozesu etengabea pairatzea egokitu zaigu herri euskaldunari geure lurrean bertan”. Egun oraindik prozesu hori indarrean dela, eta “onartzea gogorra izan arren”, poliki-poliki helburuak lortzen diharduela esan dute “espainiera eta frantsesa bertako hizkuntzak direla esatera iristeraino”.

    “Zapaltzaileek bidea egiten jarraitu arren horren aurrean gaudenon” jarduna zalantzan jarri dute EHEko kideek; hala, herriaren askapen prozesua oso modu ezberdinean ulertzen bada ere, “orokorrean lur eremua askatzeak askoz garrantzia handiagoa” izan duela ohartarazi dute, herri euskalduna eraikitzeak edo askatzeak baino. Zentzu horretan, aldaketa politikoak ematera zain egon gabe aldaketa soziala indartzen jarraitzeko hautuan berretsi dira; norabide horretan, euskal komunitatearen jarrerak aldatzeko bultza eginez, norbanakoen artean nork bere autodeterminazio ariketa propioa egitea eta ahalik eta askeen zein burujabeen jokatzeko erabakia sustatuko da.

    Herriaren berreuskalduntze prozesua indartzeko, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez teorian esandakoa praktikan jartzean kokatu du bere jarduna EHEk Nazio Batzarrean. Modu horretan, bidea egiten joatea proposatu du EHEk, beharrezko aldaketak behartuz. Aldaketak maila sozialean, komunitatearen baitan euskaraz bizitzeko hautua indartuz. Aldaketak maila politikoan, hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatuz. Eta aldaketak maila juridikoan, euskararen egungo menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezkoa estatusa aldarrikatuz Euskal Herri osoan. Horretarako ezinbesteko tresna izango da iaz milaka herritarrek babestutako manifestua; “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!” delakoa, alegia.

    Ildoa eta dinamika
    Helburu nagusiak finkatu ostean, EHEren eguneroko jardunaren nondik norakoak zehaztu dituzte. “Euskaraz bizi” izango da EHEk zabalduko duen mezu nagusia eta ikasturteko ildo orokorra. Hala ere, hainbat une berezi behartu nahi ditu eragileak ikasturtean zehar. Ezabaketa Asteak esaterako azken urteotan bizi izan duen garapenean urratsak ematen jarraituko du. Ezabaketa Egun bezala hasi eta aste izatera pasa zena, ildo konkretuak lantzen hasi zen duela urte batzuk (iaz irakaskuntza, aurrekoan hizkuntza politika burujabea…). Aurten ez da aste bakarreko kontua izango; izan ere, zapalkuntza irudikatzeko Espainiar eta Frantses Estatuetako hauteskunde orokorrak baliatuko baitira, azaroan eta maiatzean, urte guztiko ekimen bihurtuz.

    Euskaraz Bizi Eguna izango da aurten EHEk egingo duen ekimen nagusia. Iazko otsailean Donostian eginiko manifestazio arrakastatsuari segida emanez, manifestazioak Euskaraz Bizi Egunean leku izango du aurten. Honi begira planteamendu zabal eta aberatsa prestatzen hasi dira, jendarteko sektore zabalenetara iritsi asmoz. Ekimen horren bitartez, euskaldun izatearen harrotasuna eta euskaraz bizitzeko erabakia hartzearen garrantzia azpimarratzeko saiakera berezia egingo du EHEk.

    Halaz ere, ikasturte honen berezitasunei so, beste hainbat une identifikatu dituzte EHEko kideek jendartean eragiteko. Kontseiluak euskaraz bizitzeko nahia hedatzeko egingo duen ekimena bultzatzea; Euskararen Nazioarteko Eguna; “Vascuencearen legea” delakoaren 25. urtemuga, Osakidetzako oposaketak… Horiei begira EHEk bere presentzia soziala bermatu, irakurketak helarazi eta ekimenak bideratuko ditu.

    Horrekin batera, hainbat dinamika abiatuko ditu EHEk Euskal Herrian zehar. Guneak euskalduntzeko dinamikaren baitan, udal administrazioei eta irakaskuntzari begirakoak izango dira lehentasunezkoak. Hala ere ez da beste aldera batera uzten bestelako guneetan eragitea, eta unearen arabera bultza egingo da alor ezberdinetan, hala nola, osasun edo justizia administrazioetan, euskarazko hedabideetan eta abar… Dinamika horien artean, udalerri euskaldunei begirako dinamikak ere piztuko dira; norbanakoei eta euren aktibazio eta kontzientziatzeari begirakoak; Hizkuntza Politika Burujabearen eta Ofizialtasunaren aldarriari begirakoak eta abar.

    Euskaraz bizi!

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
    2010eko urriak 1, Billabona