• 06
    URR
    Urteko plangintza osatu du EHEk Durangoko Nazio Batzarrean
    EHEko kideak Durangon egindako Nazio Batzordean

    Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan kokatu dituzte urteko lan-ildoak. Euskaraz Bizi Eguna eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen legearen urteurrena izanen dira datarik garrantzitsuenak.

    Euskaraz Bizi! Hori da Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak azken urteetan zabaldu duen mezua. Eta bide horretan jarraituko du aurten ere. Horrela erabaki dute EHEko kideek gaur goizean Durangoko (Bizkaia)  Ibaizabal ikastolan egindako Nazio Batzordean. Euskal Herri osoko kideak bildu dira urteko lan plangintza zehaztu eta adosteko. Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan bi data azpimarratu dituzte: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskararen legearen urteurrena, eta apirilean ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna.

    Bestalde, irakaskuntza eta administrazioa euskalduntzearen aldeko ekimenak aurreikusi dituzte Nazio Batzordean. Ezabatu eta euskaraz bizi! dinamika ere aurrera eramanen dute urte osoan zehar. Korrika eta Araba Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetan ere hainbat lan aurreikusi dituzte. Herritarrak euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera bultzatu nahi ditu eragile euskaltzaleak.

     

    2012-2013 LAN-PLANGINTZA:

    NORABIDEA


    OINARRI IDEOLOGIKOAK
    ASIMILAZIO PROZESUAZ

    Euskararen herriak, euskaraz bizi zen herriak, Euskal Herria izena eman zion bera bizi zen lur eremuari. Herri euskalduna bizi den lekua da beraz Euskal Herria. Hori du berezko izaera lurralde honek, herri euskalduna da Euskal Herriaren izana. Horregatik esan izan dugu herri euskaldunik gabe Euskal Herria lur-eremu hutsala izango litzatekeela, oinarrizko nortasun ikurrik gabe geldituko bailitzateke herria.

     

    Hau ederki ulertu izan dute historian zehar lur-eremu hau menperatu nahian ibili direnek. Genozidioa aukera zezaketen, baina hizkuntza ordezkapena ardatz izan duen etnozidioaren bidea izan da nagusiki herri euskaldunak pairatu duena (behar bada ez diegu historian zehar beste biderik utzi). Lur eremua bereganatzeko herriaren izana ordezkatzea izan da menperatzaileen bitarteko nagusia. Ondorioz, asimilazio prozesu etengabea pairatzea egokitu zaigu herri euskaldunari geure lurrean bertan. Gaur egun prozesu horrek aurrera dirau, eta onartzea gogorra izan arren, poliki-poliki helburuak lortzen dihardutela esan beharrean aurkitzen gara. Zergatik diogun aurrera doala?

    Orokorrean, frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esatera pasa gara. Hizkuntzak jakitea gauza ona da baina hizkuntza hauek asimilazio prozesua bultzatzeko tresnak direla ezin dugu bazter utzi.  Euskara berezko hizkuntza bakarra dela esatea baino, euskara eta erdarak bertako hizkuntzak direla esatea atseginago egiten zaigu. Ondorioz, herritarren partetik bata zein bestearen aldeko hautua egiteko orduan, nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio. Eta noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan.

    Hizkuntza hauen gainean eratutako espainiar eta frantziar nazionalismoek, inplizituki, beraien estatuen baitan biltzen dituzten  beste hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta hiztunen ukazioaren sinonimo dira, nazio politiko-kultural etnozidak dira. Nazio hauen defentsa sutsua egiten duten partiduek Euskal Herrian dituzten sukurtsalen eguneroko praktika politikoak, batzuetan zeharka besteetan zuzenean, hizkuntza ordezkapen prozesua elikatzen du.

    Egoera hau gainera globalizazioaren testuinguruan kokatu beharra derrigorrezkoa daukagu. Hizkuntza, kultura txikiak txikitzen diharduen munduan bizi gara geu ere. Hondamendi ekologikoekin larritzen gara herritarrak, baina gertatzen diharduen hondamendi etnologikoaren aurrean inork ez dio ezer. Gizateriaren aberastasun handienak galtzen, deuseztatzen dihardugu eta badirudi horrek ez digula axola.

    HERRIA ASKATZEAZ
    Zapaltzailea bidea egiten diharduela onartuta, zertan dihardugu zapaltzaileen aurka gaudenok? Herriaren askapen prozesuan dihardugula esango dugu gehienok. Baina nola ulertzen dugu askapen prozesu hori? Herri euskalduna eraikitzeari lotuta edota Euskal Herria lur-eremua askatzeari lotuta? Euskal Herrian Euskarazek argi esan izan du bere sorreratik bi bideak uztartzea ezinbestekoa dela euskaraz biziko den herria berreraiki ahal izateko. Orokorrean ordea, lur-eremuaren askatzeak askoz garrantzia handiagoa izan du. Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lehenengoa lortze bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da (horregatik hitz egiten dute “euskararen auziaz”, eta ez euskaraz bizi ezin den herri “euskaldunaren problemaz”).

    Abertzaletasunaren sorreraren beretik, euskara 2. mailako osagaia izan da, eta abertzaletasunak euskararen berreskurapenean izan duen garrantzia ukatu gabe, mende luzeko praktika politikoak hori erakusten digu: garrantzitsuagoa da abertzaleen zakura batzea, euskararenera batzea baino. Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute Herri Euskalduna = hizkuntza komunitatea aitortzen, naziotasuna lurraldetasunaren gainean eraikitzen dutelako gainerako herri indoeuroparren gisara: hemen jaio bazara, euskal herritarra zara. Beraz hauen nazioaren subjektua ez da euskalduna, euskal herritarra / hiritarra  baizik.

    Nazio arazoaren osagarri nagusi gisa euskara kokatu nahian sortu zen EHE 1979an, baina ikusten denez, herri euskaldunaren askatze prozesua gure terminoetan kokatzetik urruti dago oraindik.

    Herri mailako aldaketa hau bideratzeko lan ideologiko handia egin beharko dugu, dudarik gabe. Aldaketa politikoak ematera zain gelditzeke, aldaketa soziala indartzen jarraitu behar dugula ulertu behar dugu. Norabide honetan euskal komunitatearen jokabideak aldatzea dagokigu, eta horretarako norbanako bakoitzak autodeterminazio ariketa egin beharko luke ahalik eta askeen zein burujabeen izateko.

    GURE JARDUNA
    Geure buruari begira jarrita, teorian zerbait badiogu, praktikan ere asimilazio prozesua gainditzeari begira gure dinamikak osatu eta indartu beharra daukagula ondorioztatu dugu beraz. Asimilazio prozesua gainditzeko eta euskararen herriaren berreuskalduntze prozesua indartzeko esparru guztietan euskarari lehentasuna ematea da gakoa.

    Eta kontuan hartu behar dugu gure jarduna aurrera eramateko euskaraz biziko den herria berreraikitzeko eragin egin behar dugula, baina bestetik bidea egitea ere badagokigula:

    Maila sozialean, euskaraz bizitzeko hautua indartu komunitatearen baitan. Euskaraz bizitzeko herri euskaldunak dituen zailtasunek norbanakoengan daukate eraginik nabarmenena. Euskaraz bizitzen jarraitzen dugu askok oraindik, baina erdarekiko sumisioa barruraino sartuta daukagu. Egoera horretaz kontziente izan edo ez, berau iraultzeko bideak eraiki behar ditugu. Herri euskaldunak autodeterminazio ariketa egin behar du ezinbestean, euskaraz bizitzeko dauden oztopoak neurri baten gainditzen lagunduko digun ariketa. Honekin batera espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea garrantzitsua izango da.

    Maila politikoan, hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatuz. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula.

    Maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar du Euskal Herri osoan.

    1.HELBURU NAGUSIAK

    Norabidean esan bezala herri euskalduna berreraikitzeko asimilazioari aurre egin behar diogu, eta horretarako euskaraz bizitzeko dinamika indartuko dugu. Beraz, euskaraz bizi dinamika ikasturteko dinamikaren oinarri izango da, ildo nagusia. Euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren baitan kokatuko ditugu aurtengo ekimen guztiak, eta helburu nagusia norabidearen eta manifestuaren mezua zabalduz euskaldunak aktibatzea izango da.
    Maila zein esparru guztietan euskaraz bizitzeko hautua indartzea. Eta baldintzak sortzea euskaraz bizitzeko bidea egiteko. Gure esku dagoen esparruetan bidea egitea, eta euskaraz bizitzeko hautuarekin batera bestelako mailetan aldaketak eman daitezen eragitea.
    Norbanakoengan eragitea euskaraz bizitzeko hautua egin dezaten. Norbanakook talde, herri bat osatzen dugunez dinamikak izaera kolektiboa izan behar du. Horretarako, “Euskalduna naiz eta harro nago” dinamikari jarraipena ematea.
    Euskaraz bizitzeko bidea egin ahal izateko maila guztietan euskarari lehentasuna emateko eragitea.
    Herri euskaldunaren aldeko ideologizazioa egitea, bidea egiteko eta borrokarako gogoa, grina eta ilusioa sortzea.
    Egingo dugun bidean aurkituko ditugun iruzur eta erasoei erantzutea eta mezu erdaltzaleak neutralizatzea.
    Hizkuntza eskubideen defentsa eta aldarrikapena egiten jarraitzea, dagokiguna borrokatzea.
    Hizkuntza-politika burujabearen aldeko aldarrikapena egitea
    Hau guztia indartzeko lan ideologikoari lehentasuna ematea.

     

    2.ILDOA ETA DINAMIKA

     

     

    DINAMIKA
    “Euskaraz Bizi” da gure dinamikaren oinarri, eta  ildo guztiak honen baitan kokatu behar ditugu.

    Guneak euskalduntzeko, arnasguneak sortzeko dinamika
    Udal administrazioa

    Helburu nagusiak
    Udalaren egoeraren berri jaso helburu zehatzak pentsatzeko
    Udalak euskarari lehentasuna emateko eragitea
    Udalak hizkuntza-politika egokia aplikatzeko eragitea

    Dinamikarako aukerak
    Udalarekin harremana euskara hutsez izateko
    UEMAn sartzeko
    Ordenantza eredugarriak onartu eta martxan jartzeko
    Batzorde parte-hartzaileak sortzeko
    Jakinarazpenak, bandoak, udaleko errotulazioa… euskaraz izateko

    Irakaskuntza. 
    Helburuak
    Euskaraz bizitzeko eskolak euskalduntzea ezinbestekoa dela zabaltzea
    Euskal Herrian eskolak euskalduntzen ez duela agerian lagatzea eta salatzea. Baita eredu berriak ere (TIL, hirueleanitza…)
    Irakaskuntzan ere burujabetzaren aldarrikapena egitea
    Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzea

    Bestelako guneak eta Kontseiluaren herrietako dinamika
    Udal administrazioari eta irakaskuntzari lehentasuna ematen badiegu ere, bestelako guneetan eragitea ez dugu alde batera lagatzen. Tokian toki egindako irakurketatik abiatuta gainontzeko administrazioetan zein arlo pribatuan ere euskaraz bizitzeko bidea egin dezaten eragin dezakegu (osasun administrazioa, justizia administrazioa, merkataritzan…). Erasoak eta iruzurrak sortzen direnean ere erantzun egin behar dugu:

    Osasun administrazioa
    Hizkuntza-eskubideen urraketen salaketa
    Mediku euskaldunen aldeko kanpaina

    Mer mkataritza
    Hiru eskaera merkatal gune handietan: publizitatea, errotulazioa eta arreta euskaraz
    Herri merkataritza: errotulazioa, produktuen izenak, menuak, salneurriak… euskaraz

    Lan mundua
    Enpresetan euskara planak bultzatzeko dinamika
    Zerbitzua euskaraz jasotzeko eskaera dinamika


    Udalerri euskaldunak. Plangintza nazionalari lotutako dinamika.
    Helburuak

    Udalerri euskaldunetan dinamika propioak
    UEMA ezagutzera ematea
    Herritarren kontzientziazioa
    Herriz herri elkarlana bultzatzea
    Hizkuntza-jokabide intsumisoa garatzeko urratsak ematea
    Herri hauetan euskaldundu gabe dauden sektoreetan eragitea


    Norbanakoak. Korrika eta EUSKARAZ BIZI EGUNA.
    Helburuak

    “euskalduna naiz eta harro nago” landuz herritarren aktibazioa.
    Urratsak ematea hainbat herritan dinamika pizteko. TELP tailerrak horretarako abiapuntu.
    Sarea egituratzea. Euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenen norbanakoon sarrera osatzeko abiapuntua jartzea.

    Hizkuntza-politika burujabea eta ofizialtasuna.
    Helburuak

    Ofizialtasuna: Kokapen egokia egin behar dugu. Egungoaren iruzurra erakustearekin batera, herri euskaldunak behar duena plazaratuko dugu (euskarari lehentasuna emango dion ofizialtasuna).
    Egungo hizkuntza-politiken desgastea egin eta hizkuntza-politika burujabearen beharra azpimarratu behar dugu, bertatik bertarako hizkuntza-politika.
    Hizkuntza-politika burujabea eta ofizialtasunaren arteko lotura egitea.
    Euskalgintzan bertan mezua zabaldu behar dugu, ideologizazio lana egin behar dugu.
    Ildoekin lotura egin behar dugu irakurketak egitean edota erasoak daudenean.

     

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

    Durangon, 2012ko urriaren 6an

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.