Egun borobila izan zuten aurreko ostirala Iruñeko Txantrea auzoko euskaltzaleek. Arratsaldean Eneko Garaialderekin desobedientziaz jardun ziren luze eta zabal, euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza praktika desobedienteaz tartean. Horren bidean, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) abian jarri duen “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika ezinbesteko tresnatzat jo zen. Ondoren, jan eta edanik falta izan ez zuen bertso afaria ospatu zuten. Bide batez, Txantreako EHEk martxoaren 15ean udalari euskarazko harremana eskatzeko deialdian parte har dezaten galdegin die herritarrei.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak nazio mailan abian jarritako “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren baitan, zenbait agoiztarrek jada luzatu dizkiete eskariak udalari, behinik behin eskaria egin dutenen eta udalaren arteko harremana euskaraz izan dadin. Aurretik batzar informatiboa egin zuten eta bertan izan ziren, besteak beste, Gazte Asanbladako zenbait kide zein herriko alkatea bera. Larunbatean zuten eskaera egiteko hitzordua. Egin zituzten 15 bat eskariak euskara teknikariari eskura emateko aukera izan zuten, erantzuna behar bezalakoa izango delakoan. Dinamika hasi besterik ez dute egin era horretan, herri aktibazioa lagun, urratsez urrats, Agoitz euskalduna eraiki arte jarraituko baitute lanean.
Eskola euskaldunaren aldarrikapena Euskal Herrian barrena hedatzen ari da. Oraingoan Iruñeko guraso talde bat izan da fokua aferaren gainean jarri duena. Izan ere, hirian dauden 13 haur eskoletatik soilik bitan hezi daitezke umeak euskaraz. Biak daude Txantrea auzoan. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute 60 lagun inguruk Iruñeko udaletxe plazan euskalgintzako kideekin batera, "haur eskolak euskaraz auzo guztietan" lelopean. Azpian duzue gurasoek Berria egunkarira igorritako artikulua.
Urruñan, Durangon, Txantrean, Bilbon… hainbat herritan jarri dute martxan Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak nazio mailan abian jarritako dinamika. Sakanako EHEk ere pauso hori eman du, udalak herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia errespeta dezan. Horretarako, herritarrak aktibatzen saiatuko dira, haiek izango baitira eskerak egingo dituztenak eta bide batez dinamikaren motor. Hainbat herritan aurki hasiko dira eskerak egiten, euskararen herrian bizi garenez, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula argi utziz. Zentzu horretan, udalarekin ere euskaraz bizi nahi dutela adierazi zuten eta hori egi izan dadin dinamikan parte har dezaten dei egin zieten sakandarrei.
Pare bat asteko epean, bi ekimen antolatu dituzte Txantreako EHEko kideek. Alde batetik, batzarra egin zuten aurreko ostiralean, “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika aurkezte aldera. Hamar lagun bildu ziren eta euskarak bertan duen egoeraz gogoeta egiteko beta izan zuten, dinamikaren nondik norakoak zehazteaz batera. Martxoaren 15ean egingo dute eskaeren tramitazioa eta hilabeteren buruan emango dute hurrengo urratsa, betiere udal administrazioak emandako erantzunaren arabera. Bestalde, ostiral honetarako hitzaldia eta bertso afaria antolatu dituzte, lelo argi batekin: “Ez gara espaloitik jaitsiko!”.
2014ko Euskaraz Bizi Egunari burzko zertzelada nagusiak aurkeztu ditu gaur EHEk Gasteizen. Ez da kasualitatez aukeratutako lekua, Arabako hiriburuak hartuko baitu heldu den apirilaren 5ean jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen urteroko hitzordua. Aurten bosgarrenez eta tokiko eragile zein elkarteekin auzolanean egingo den Euskaraz Bizi Egunaren leloa 'Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!' izango da. Herri bazkaria, umeentzako txoko zein ekitaldiek, nazio manifestazioak, kontzertuek, azokak eta abar luze batek hezurmamituko dute eguneko egitaraua.
Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan hizkuntzaren gaia zalaparta sortzen ari da. Eraso eta mobilizazioak nonahi, ekimen berri bat iragarri du Aitzina gazte antolakundeak. Otsailaren 22an izango da, Paueko suprefektura aurrean eta lurraldea eta euskara aldarrikatuko dituzte. Hollande buru duen frantses gobernuari zuzenduko zaizkio, ikastolekiko zein kolektibitatearekiko izandako jarrera zapaltzailea salatzeko asmoz.
Hizkuntzaren normalizazioaren bidean egindako politikek ez dute lekurik egungo legalitatean. Horixe bera berretsi du Espainiako Estatuko Abokadutzak makina bat udalen kontrako sorgin heiza hasi ondotik. Gipuzkoako 10 udalerri auzibidean dira kontratazio publikoetako hizkuntza irizpideak tarteko. Oztopoak oztopo, Gipuzkoako erakundeek aurrera jarraitzen dutela azpimarratu zuten atzo. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria den Zigor Etxeburuak euskararen ofizialtasuna praktikan gauzatzeko zailtasunak arbuiatu zituen. Bide batez, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zitzaion, aferari konponbidea eman edota hori ezinezko badu, egungo markoak ezartzen dizkigun mugak aitortu eta berau gainditzeko lan egin dezan.
Eragile euskaltzaleak nazio mailan abian jarritako “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika herriek gauzatu behar dute. Zentzu horretan, urruñarrek eman dute estraineko pausoa, pintxo, talo eta euskal musikarik falta izan ez zuen gaualdian. Lehen egitekoa “Urruñan bizi” aldizkaria euskaraz egin dezaten herritarrak engaiatzea izango da. Horrela jarraituko dute, hurrenez hurren, Urruña eta Euskal Herria euskaldundu arte.
Eskubideak defendatzeko ere ez dugu eskubiderik. Suprefeta eta prefeta ikastolak gogor kolpatzen ari direla tarteko, elkarretaratzea egin zen otsailaren 1ean suprefetaren aurrean. 400 lagunen bueltan bildu ziren beraien ernegua adierazteko asmoarekin. Poliziaren zaintzapean, elkarretaratze baketsua izan zen, arrautzaren baten jaurtiketa gora behera. Agintariek, baina, larrutik ordainarazi nahi diete bertaratuei bertan parte hartu izana, murgiltze eredua ez dutela ametituko argi utziz. Ostiralerako deitu dute deklaratzera partehartzaile bat eta Seaskako lehendakari den Paxkal Indo, astelehenerako. Seaskak elkarretaratzeak deitu ditu polizia etxeen aurrean.
|
Euskaraz bizi sarean