Antxeta irratiak EHEko kideari elkarrizketa egin berri dio. EHE eragile euskaltzalea hizpide izan ondotik, egungo gaiei heldu diete. Besteak beste, "Lurraldea eta hizkuntza" jardunaldiak, aurten EHEk abian jarri duen "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika eta apirilaren 5ean ospatuko den Euskaraz Bizi eguna izan dituzte mintzagai.
Audioa, helbide honetatik ekarria: http://www.antxetairratia.com/static/media/medias/euskal_herrian_euskeraz.mp3
"Hizkuntzan oinarritutako elkarbizitza kezkak dituenak lan egin beharko luke herritar orok bi hizkuntzak ezagutzeko bidea egin dezan. Hezkuntza eredu guztien bidez euskara ikasiko balitz, ez legoke arazorik ikastetxe berean bizi daitezen, baina bitartean euskarari lekua kentzeko beste bide bat da."
“Euskara gabe ezkara” lelopean, beraien herrian euskarak duen presentzi "eskasari" buelta emateko konpromisoa agertu dute Abadiñoko Ernaiko gazteek. Norbanakook zein papel garrantzitsu dugun aintzat hartuz, herri euskaldunaren bidean norbanakotik hasteko deia egin dute, “edonun, edonoz eta edonorekin euskeraz berbetan!”. Espaloitik jaitsi gabe euskaraz biziz alegia. Euskaraz bizi!
Seaskako Etxepare lizeoko ikasleen borrokak aurrera darrai. Ikasturte hasieran abian jarritako presio dinamikaren bidetik, baxoa euskaraz egiteko duten eskubidea bete dadin, “ekintza sinbolikoa” egingo dute otsailaren 28an Parisen. Eskola euskaldunaren bidean irabazi beharreko borroka da hau zalantza izpirik gabe.
Etxarriko EHEk antolatuta, hirugarren aldiz egin dute “Urte berri, asmo berri” ekimena. Urtea hasterakoan geure buruari egiten dizkiogun proposamenak euskararen aldekoak izan daitezen egiten dute aipatu ekimena. Idatzita utzi dituzte aurtengo urterako asmoak. Haiek argi dute: ez dira espaloitik jaitsiko! Antolatzaileek esan dutenez, asmo horiek praktikara eramaten dituztenean Etxarri euskaldunago batean biziko dira. Baita Euskal Herri euskaldunagoan ere!
Lehiarako gogoz daude oreretarrak. Behin gutxitxo nonbait, eta bi aldiz jarriko dituzte herritarrak lehian. Alde batetik, testu lehiaketa antolatu dute bigarrengoz. Testuaren abiapuntuak “Eta modu txarrean, ‘háblame en español’ esan zidan” izan behar du. Euskaldunok mila bider entzun behar izaten dugun esaldi makur horretatik abiatuta, norberak nahi duena idatz dezala. Bi maila egongo dira: 12 eta 18 urte bitartekoa bata, eta 18 urtetik gorakoa bestea.Epea jada zabalik da eta apirilaren 12ra arte luzatuko da. Bestetik, “NON DAGO?” lehiaketa ere jarri dute martxan. Sei astetan sei pista ezberdin jarriko dituzte. Pista hauetan aipatutako tasunak ze herriri dagozkion lehenengo asmatzen duenak irabaziko du. Hastapeneko pista eman dute jada. Ekin lehiari! Euskaraz bizi!
Euskara zehar lerro dela diogu maiz. Esparru guztiak blaitzen ditu hizkuntzaren aferak. Lurralde antolaketa eta hirigintza ere ez dira salbuesten. Hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanaz dihardu gaur goizean hasi eta bihar arte luzatuko den jardunaldiak. Saio hauek arnasguneen bueltako hausnarketa egiteko helburua dute, betiere hauek indartu nahian. Herria berreuskaldunduko duten hizkuntza politika eraginkor eta burujabeen bidean, Donostian egiten ari dena ezinbesteko hausnarketa dugu zalantzarik gabe.
Euskara espazioak irabazten ari da gutxinaka. Iragan abenduaren 28tik aurrera, irratietako uhinetan ere presentzia handiagoa du, Hala Bedi Bi “euskara hutsezko irrati librea” jarri baita martxan. FMko 88.8 frekuentzian izango dugu entzungai. Proiektuan parte hartuz edota berau kontsumituz, euskaltzaleoi dagokigu orain berau hauspotzea. Euskalerria irratiari dagokionean, irratia lizentziarik gabe uzteko prozesua irregularra izan zela eta, prozesua baliogabetu du Auzitegi Gorenak. Denak ez dira berri onak ordea, Sopelako udalak laguntza ukatu baitio UKBERRI.NETi.
Astearte honetan bi urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zela. Arrasto handia utzi zuen euskal hizkuntzalaritzan, literaturan, politikan eta euskalgintzan. Zendu zenetik bi urte igaroagatik, euskaltzaleen erreferente izaten jarraitzen du.
Ikastetxe publikoetan hezkuntza eredu ezberdinen arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin Izquierda-Ezkerrak (I-E) Nafar Parlamentuan mozioa aurkeztu ondoren, onartu egin berri da Geroa Bai, PP, UPN eta PSNren babesarekin. EHEk gogor salatu du mozioa, bertan aipatzen den bizikidetza “euskaldunon menpekotasunean eta hizkuntza eskubideen urraketan oinarritutakoa” dela argudiatuz. Bizikidetzarako giltzarri “murgiltze eredua” jo du, “elkar ulertzea eta bizikidetza” posible egiten duen bakarra izaki. Eragile euskaltzaleak argi du: ‘Guk, eskola euskalduna!”.
|
Euskaraz bizi sarean