Urtarrilaren 27an galegoaren aldeko manifestazio handia antolatu du "Queremos Galego" plataformak Santiago de Compostelan. Mobilizazio horren bidez Espainiako Hezkuntza ministro Jose Antonio Wertek egin nahi duen erreforma salatuko dute.
"Pola lingua que nos une, queremos galego na escola!" (Batzen gaituen hizkuntzaren alde, eskolan galegoa nahi dugu!) lemapean manifestazio jendetsua espero dute Galizian urtarrilaren 27rako. "Queremos Galego" plataformak antolatu du martxa, galizieraren alde eta Espainiako hezkuntza ministroaren erreformaren aurka. Bertaratzen direnek Werten erreforma bertan behera uzteko eskatuko dute, galegoaren aurkakoa dela eritzita.
Plataformako kideek Santiagoko Udalak jarritako oztopoak ere salatu egin dituzte. Mobilizazioaren bukaeran erabiliko duten eszenatokia muntatzeko 600 euroko fidantza ordaintzera behartu dituela esan dute. Plataformak dio adierazpen askatasunaren eta manifestazio horren aurkako erasoa dela, eta PPren jarrera salatu dute. Plaza publikoa erabiltzeagatik irabazi asmorik gabeko elkarteei ez zaie horrelako eskakizunik egin orain arte.
Santiago de Compostelako Alameda parketik aterako da manifestazioa 12:00etan, eta Galizako hainbat herrietatik autobusetan joanen dira.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean