• 01
    MAR

    Euskaraz biziteko erabakia eta harrotasuna adierazteko "ez zaitez espaloitik jaitsi, euskaraz bizi!" lemapean ospatuko da 2013ko Euskaraz Bizi Eguna. Euskal Herriko ekialdean izanen da, Agoitzen (Nafarroa Garaia), apirilaren 13an. Bertako eragileekin auzolanean prestatzen ari dira besta eguna.

    Agoitzen izanen da aurtengo Euskaraz Bizi Eguna, apirilaren 13an
    Prentsa aurreko gerraldia egin du EHEk Iruñeko La Hormiga Atomican

    Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den apirilaren 13an Agoitzen (Nafarroa Garaia) egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna (EBE) aurkeztu nahi dizuegu:

    Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula  erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik  harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

    Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten laugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Iaz,  Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto EBEak. Etxarri-Aranatz, Gernika-Lumo eta Donostia izan dira, beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

    Aurten, Euskal Herriko ekialdeak, Agoitzek hartuko du “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” leloak jantziko duen Euskaraz Bizi Eguna. 

    Zergatik jarri diogu lelo bitxi hau? Nondik atera dugu? Bada,  Etxarri-Aranazko EHEk bertako udaleko Euskara Batzordearekin abiatu zuen “Ez zaitez sekula espaloitik jaitsi” egitasmotik, hain zuzen ere. TELP (Taller d'Espai Lingüístic Personal edo norbanakoaren hizkuntza espazioarentzako tailerra) saioen sortzaile Ferran Suayk idatzitako “Bahamarren edukazio ona” deituriko testua hartu zuten aipatu egitasmoaren oinarri bezala. Testu horretan Apartheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena kontatzen da. Laburbilduz, finean, bertako herritar beltzak, espaloitik jaisten ziren zuriak zirenekin gurutzatzean (euren artean gurutzatzean ez ordea). Suayk katalanen hizkuntza jokabideekin lotzen du Bahametan gertatzen zena. Istorioa Euskal Herrira ekarriz, esan dezakegu hemen ere berdin jokatzen dugula euskaldun gehientsuenok. Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto, alegia.

    Aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren bitartez, ideia honetan egin nahi dugu indarra eta herri euskaldunari zuzentzen gatzaizkio euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok.

    Hau guzti hau, “bizikidetza” ardatz duen testuinguru politiko berezi baten baitan kokatzen dugu. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako euskaldunok bizi dugun errealitate gordina irauli nahi dugunok. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu garaiotan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Herriak burujabe izan behar du, baina euskaldunak ere burujabe izan behar du. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez,  iraultzarako garaia da orain datorkiguna. Gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, baina exijitzeari utzi gabe, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu burujabetza aldarrikatzen dugunoi; ez baita horrela izan. Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia.

    Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

    Kontseiluak  berak esan du urrats sendoak emateko garaia dela, eta badauka horretarako proposamena, esan du non jarri behar diren marra gorriak: lehentasunezkoa, berezkoa eta ezagutu beharrekoa  dira euskararen ofizialtasunak jaso behar dituen elementu nagusiak. Eta epeak jarri behar dira urratsak emateko, helburu argiekin: Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea.

    Eta hauxe da Euskaraz Bizi Egunaren bitartez EHEtik zabaldu nahi dugun eta herritarrei helarazi nahi diegun mezua. Konturatuko zineten bezala, oraindik ez dugu argitu zein izango den jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen Euskaraz Bizi Egunaren egitaraua, aurrerago egingo baitugu. Dena den, esan dezakegu aurtengoa ere, ohiko legez, herri eragileekin auzolanetik sortutakoa eta zabala izango dela. Ez dira faltako dantzaldi, kontzertu, haurren txoko, kale animazio eta abarrak. Ez da faltako, era berean, euskaraz bizitzeko herri  gogoa adierazteko mobilizazio edo kalejira aldarrikatzailea.

    Horiekin batera, baditugu kontatu beharreko beste hainbat xehetasun: hurrengo asteotan “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” leloaren atzean dagoen mezua euskal jendarteari zabaldu eta ulertarazteko euskarriak emango ditugu argitara. Horrekin batera Euskal Herriko herri eta auzoetako euskalgintzarekin eta bestelako eragileekin harremanak abiatuko ditugu egitasmo honen berri eman eta “espaloitik ez jaistearen” aldeko ekimenari atxikimenduak gehitzeko asmoarekin.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Iruñean, 2013ko martxoaren 1ean

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.