Beste talde bat sortu du EHEk Lakuntzan (Nafarroa Garaia) eta herritarrei euren burua ezagutzera emateko aurkezpena egin dute kide berriek. Horrekin batera, EHEren ibilbidearen atzera begirakoa egiteko eta Euskaraz Bizi Eguna jendarteratzeko baliatu dute hitzordua. "Euskalduna naiz eta arraro nago!" bakarrizketa saioarekin eman diote bukaera talde berriaren aurkezpenari.
Lakuntzako EHEk jendaurrean aurkeztu ditu taldearen sorrerarako arrazoiak eta bide berria hasteko markatzen dituzten helburuak. Horrat:
"Lakuntzan taldea sortzea erabaki dugun arren eskualdearen egoera hartu dugu kontutan lanean hasteko orduan, beren alde positibo eta gabeziekin. Modu orokorrean aipa ditzakegunak:
Aldekoak:
1. Euskaldun kopuru altua dauka Sakanak
2. Euskalgintzan lanean dabiltzan eragileak aurki ditzakegu, Guaixe-Beleixe, mankomunitateko euskara batzordeak, euskal ereduko eskolak, Udalerri Euskaldunen MAnkomunitatean antolatuta dauden udalak, AEK, EHE bera...
Baina hauen aurrean ere gabeziak daude:
1. Euskararen ezagutza bermatzen ez duten erdal ereduak zenbait herritan
2. Euskararen normalizaziorako zenbait udalen urrats eskasak.
3. Euskaraz bizitzeko ezintasuna osasun etxeetan.
4. Eskualde mailako dinamika orokorren beharra.
5. Larriena: zonalde euskaldun batean egonda herritar askoren partetik ikusten dugun euskaldun izatearen kontzientzia eskasa.
Aldaketa politikoak lortzeko aldaketa soziala eragin beharra dago. Herritarren kontzientzian lehentasunez eragin nahian hasi gara beraz, Lakuntzan ere lanean.
EHEren presentzia Sakanan ez da berria, ordea: Altsasun eta Etxarrin urteak daramatzate nork bere dinamika propioarekin lanean. Aipatzekoak dira:
Altsasun adibidez, EHEren ekimenez euskaldundutako kale izendegia, bestelako dinamiken artean. Horren alde lan egiteagatik ere isunduak izan ziren."
Edota Etxarrin bertako udalarekin batera euskaldun izatearen eta euskaraz bizitzearen aldeko kontzientziazio kanpainak, bertan EHEk antolatutako Euskaraz Bizi Egunaren ostean etorri zirenak. Herri euskaldun bat izanda ere euskaldun izatearen kontzientziaren inguruan dagoen kezkaren adibide da Etxarriko dinamika.
Bi talde hauen ibilbideari atxikirik, Lakuntzako EHEko taldeak aurten adostu ditugun helburuak dira:
1. Lehentasunez Apirilaren 13an Agoitzen ospatuko den Euskaraz Bizi Egun nazionalaren deialdia eta mezua zabaldu.
2. Herriko eragile eta norbanakoekin harremana egiten hasi.
3. Herriko gabeziak konponbidean jartzeko azterketak abiarazi arlo ezberdinetan: erabilera edo hizkuntza politikan adibidez.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean