Berrehundik gora herritar eta 23 eragile batu dira Agoitzen espaloitik ez direla jaitsiko berretsi eta heldu den larunbateko deialdia jendartera zabaltzeko.
Heldu den apirilaren 13an izango da Euskaraz Bizi Eguna Agoitzen. Agerraldi honen bitartez, jaia eta aldarrikapena uztartuz euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatzen diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.
Euskaraz Bizi Egunaren bidez, zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.
Horretarako bildu gara gaurkoan hemen Euskaraz Bizi Eguneko deitzaileak zein aipatu egitasmoa hezurtzen eta haragitzen ezinbestekoak diren eragile eta norbanakoak. Eta ez gara gutxi, guzti-guztiok ez gauden arren. Berrehundik gora lagun eta 23 eragile batu gara espaloitik ez garela jaitsiko berretsi eta euskaltzaleei beste behin ere Agoizko deialdia helarazteko.
Euskal Herri euskaldunerako bidea bakoitzak beretik eta guztion artean egin behar ditugu urratsak, auzolanean. Eta auzolanean prestatu dugu Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua ere. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hemendik egitasmo honetan ezinbesteko diren eta gaurko argazkian parte hartu duten Agoizko joaldunei, Trikitilari Taldeari, Kirol Elkarteari, Txistulariei, Dantzari handi eta txikiei, Buruhandi eta Erraldoi Konpartsari, Burrunbari, San Migel Abesbatza handi eta txikiei, Agoitz Bizirik eragileari, Babespean hipotekak kaltetutakoen elkarteari, bertako Herrirari, Gazte Asanbladari, AEK-ri, Guraso Elkarteari, Irati Antzerki Taldeari, Emakume Taldeari, Angiluerreka elkarteari, Karrika Euskara Elkarteari, Kezkak musika taldeari, Agoizko udalari, Euskaraz Bizi Eguneko spota egiten lagundu digun Txema Esteban marrazkilariari eta gaurkoan agertu ez baina Euskaraz Bizi Egunean parte hartuko duten herritar eta eragile guztiei.
Egitarau oparoa, auzolanetik
Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.
Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.
Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak. Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak.
18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.
21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.
Argazkiak beste herrietan
Harreman dinamika zabala eraman du aurrera EHEk azken bi hileotan tokian tokiko eragile zein norbanako andanarekin. Harreman hauen helburua Euskaraz Bizi Eguna eta EHEren bestelako dinamikak konpartitzea izan da. Erronda hauen emaitza ikustarazteko gaurkoan agoiztarrek egin duten gisako argazkiak atera dituzte “Ez naiz/gara espaloitik jaitsiko!” leloaren ondoan. Ehunka lagun bildu dira Donostian, Zarautzen, Aezkoan, Oreretan, Durangon, Billabonan, Lizarran eta beste hainbat tokitan. Egunotan hasi gara argazkiok sare sozialetatik eta gure webgunetik hedatzen eta datozen egunotan ere hala egiten jarraituko dugu.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Agoitzen, 2013ko apirilaren 6an
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean