Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urquijok markatutako bideari jarraiki, Estatuko Abokatuak helegiteak jarri dizkie euskara lehenesteko udalek hartu dituzten neurriei. EHEk elkarretaratzea egin du Arabako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean
Gipuzkoako 36 herri erakundek kontratazio publikoetan besteak beste hizkuntza irizpideak ere ezartzeko erabakia hartu zuten hile batzuk atzera. Euskararen inguruko neurri konkretu hauek euskara sustatzea dute helburu, euskararen normalizazioaren bidean urrats txiki baina garrantzitsuak ematea, alegia. Azken egunotan jakin dugu, erabakiok hartu berritan Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak markatutako bidetik Anoeta eta Lezoko udalek hartutako neurrien aurkako helegiteak jarri dituela Espainiako Estatuko abokatuak. Gisa bereko neurriak hartu dituzten herrietara ere halako helegiteak iritsiko direnaren susmoa izateko arrazoiak sobera dira.
Euskarari lehentasuna ematen zaiolakoan jarri ditu helegiteok Espainiak, eta bertako ordezkari Carlos Urquijo dugu horren lehen erantzule. Halaz ere, argi dago honek ordezkatzen duen Espainiar Gobernuaren helburua zein den: euskaldunok gure herrian euskaraz bizitzea ezinezkoa bilakatzea, asimilazio prozesuaren baitan, erdal hizkuntza hegemonikoa izaten jarraitzea, euskaldunok menpeko eta sumiso izaten jarraitzea, eta Euskal Herri euskaldunaren bidean euskaraz bizitzea ahalbideratuko duen edozein neurri edo mugimendu indargabetzea. Espainiatik beste behin iritsi zaigun mezua garbia da: euskaldunon eskubideen mugak Madrilen erabakitzen dira. Euskal herritarren eskubideak Euskal Herritik kanpo erabakitzen dira.
Halako eraso makur baten aurrean euskaltzaleok ez gara espaloitik jaitsiko eta erantzuten jarraituko dugu. Ez guztiok ordea. Non dago Hizkuntza Politikarako Sailburuordea? Non? Zertan ari da Baztarrika jauna euskaldunon aurkako eraso eta mehatxuak etengabeak diren honetan? Euskaldunon menpekotasunean oinarritzen al da hainbestetan aldarrikatzen duen elkarbizitza?
Helegite eta jarrera hauek adierazten dute euskaldunok osatzen dugun hizkuntza komunitatea eta euskaldunon hizkuntza bera menpekoak direla gurean, enegarren mailakoak, eta ez direla lehentasunezko. Indarrean diren hizkuntza politika arrotzak daude honen oinarrian. Eta, honen aurrean, euskaraz bizitzea ahalbideratuko digun hizkuntza politika burujabea behar dugu: kanpo esku hartzerik gabekoa, propioa eta herritar orori euskararen ezagutza bermatuko diona.
Bestalde, euskaraz bizitzeko bidean Anoeta eta Lezoko udalek hartutako gisako neurriei babesa adierazi eta Espainiako Estatuaren erasoak salatu nahi ditugu. Honekin batera, euskaraz bizitzearen aldeko deia zabaldu nahi diogu jendarteari. Norbanakoengandik hasita, maila kolektiboan jarraituz eta edozein administraziotan euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak eta politikak indarrean jarriz.
Euskaldunon kontrako erasorik ez! Euskarari lehentasuna!
Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz Bizi!
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Gasteizen, 2013ko maiatzaren 17an.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean