Euskaraz Bizi Egun txikia egin zen Durangon iragan ekainaren 8an. Bertan bizitakoa jaso du Durangoko Euskal Herrian Euskaraz-ek hemen ikusgai duzuen bideoan.
Eguraldi petrala izan arren, egun zoragarri bat bizi izan genuen pasa den ekainaren 8an, Euskaraz Bizi egun txikian, Durangon. Itzela. Jaia eta aldarrikapena uztarturik, euskaraz biziko den herria eraikitzeko gogoa eta indarra sentitu genituen. Eskerrik asko eta zorionak bihotzez bertan parte hartu zenuten herritarroi eta, batez ere, egun eder hau posible egin duzuen laguntzaile denoi. Eta bertaratzerik izan ez zenutenentzako jarraian daukazue Euskaraz Bizi egun txikiko ekitaldian irakurri genuen testua. Laster arte, ondo eta euskaraz bizi!
Euskaraz pentsatu, amestu, eta itzartu arren, sarriegitan ez da erraza pentsatu eta amestutako hori gero euskaraz bizitzea. Eta ez da erraza izango euskaraz bizitzea, sasi-ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak alde batera utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politika burujabeak ezartzen ez badira. Egunero aurkitzen ditugu euskaraz bizitzeko trabak. Anbulatorioan, udaletxean, epaitegian, lantegian, kalean… egunero euskaraz bizitzeko trabak. Esaterako, nork ez du Pinondo etxean, bertako langileekin erdaraz egin behar izan?
Baina, hau guztiaren aurrean, ezin dugu euskaldunok gure erantzukizuna ahaztu. Apartheid garaian, Bahamar uharteetan bertako beltzek zuriekin gurutzatzean egiten zuten bezalatsu, euskaldun gehientsuenok erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta errepidera egiten dugu salto, euskara amildegira daraman erdararen errepidera. Ordua da asimilazioarekin apurtu, eta oztopoak oztopo euskaraz bizitzeko hautua egiteko, gure inguruan eragiteko, eta erdaldunekin ditugun ustezko errespetuzko jokabide sumisoekin amaitzeko. Guk hartu dugu erabakia, eta inoren eta ezeren zain egon barik, euskaraz biziko den herrirantz bidea ibiltzen hasi gara. Auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegula uste dugu, euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan, eta Durango eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.
Hala eta guzti, norbanakoon erantzukizuna ahaztu barik, badago Durangon euskaraz bizitzeko ditugun zailtasunen erantzule nagusi bat: Durangoko udala. Alperrik da euskararen ordenantzak (sasi-ordenantzak) onartzea gero kaxoi baten usteltzen uzten badira; lotsagarria da ordezkari politikoetatik ia erdiak euskaraz komunikatzeko gai ez izatea; onartezina da udaleko langile askok euskaraz ez jakitea. Adibidez, Euskaraz Bizi egun txikia antolatzeko ere udaleko langileekin izan dugun hartu emanean erdarara jo behar izan dugu sarri. Hau al da udalak eta bertako agintariek saldu nahi duten Euskararen hiria? Nahikoa da!
Euskaraz bizi nahi dugula erakutsi behar dugu. Eta euskararen alde egotetik euskararen alde egiteko prest gauden herria garela erakutsiko dugu. Horretarako, baina, zuen eta gainerako herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Denok batera Anboto eta Oizeraino zabalduko dugu deiadarra: ez gara espaloitik jaitsiko, euskaraz bizi!
Durangoko Euskal Herrian Euskaraz.
Durangon, 2013ko ekainaren 8an.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean