• 12
    UZT

    Arrasateko Gazte Euskaltzaleen Topaguneak “Ez jaitsi espaloitik” kalejira eta olinpiadak antolatu ditu iragan berri diren San Juanetan. Gazteleraren espaloira pasatzeko joera baztertu eta euskararen espaloian mantentzeko erabakia hedatu nahi dute gazteen artean.

    Arrasateko gazte euskaltzaleak ez dira euskararen espaloitik jaitsiko
    Mondraberri.com webgunetik hartuta - Argazkiak: Arrasateko Gazte Euskaltzaleen Topagunea- 2013/07/05

    Mondraberri.com web gunetik hartutako albistea:

    San Juan jaietan, Arrasateko Gazte Euskaltzaleen Topaguneak (AGET) deituta, hainbat gaztek Ez jaitsi espaloitik kalejira egin zuten, gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Froga eta jolasen bitartez, herriko bazterrak harrotu zituzten, baina beti ere, euskararen aldarrikapena nagusi izanda. 90 lagun inguruk egin zuten bat deialdiarekin eta herritar ugari txundituta geratu ziren jendetza guzti harekin.

    Ez jaitsi espaloitik leloarekin, 70. hamarkadan apartheid-ean ematen zen jokabide bat irudikatu nahi izan zuten. Izan ere, garai hartan, gizon beltz eta zuri bat bidean gurutzatzean, gizon beltza espaloitik jaisten zen gizon zuriari bidea irekitzeko eta AGET-eko kideen arabera, berdina gertatzen da egun hizkuntzari dagokionean. Hain zuzen ere, hizkuntzara ekarrita, norbait gazteleraz zuzentzean, “gazteleraren espaloira pasatzeko joera dago”, azaltzen dute eta modu honetan, “gu ez gara euskararen espaloitik jaitsiko” irudikatu gura izan zuten euskaltzale gazteek.

    Horretarako, Ez jaitsi espaloitik kalejira eta olinpiadak antolatu zituzten ekainaren 22an. Azaldu digutenez, lau lagunez osatutako 14 taldek hartu zuten parte bertan eta ibilbide bat jarraituz, froga bana gainditu behar izan zuten gune bakoitzean. Gainera, gunetik gunera, alturitas jolasaren bidez irudikatu zuten espaloitik ez jaisteko borondatea. Kalejiran zehar, parte hartzaileez gain, trikitilariak eta kalejira jarraitu zuten herritarrak izan ziren. Azkenean, talde bakarra izan zen garaile olinpiadetan eta bertako kideek Dragoi Janerako txartela bana irabazi zuten.

    Euskararen kontzientzia piztuta

    Joan den urrian, euskararekiko kontzientzia daukaten 60 gazte inguru bildu ziren gaztetxean eta saio emankorra izan zuten. Bertan, euskarak egun bizi duen egoera aztertu eta honen gaineko hausnarketak plazaratu zituzten. Parte hartze handia izan zuen deialdiak eta herritarren erantzuna ikusita, mugimenduari jarraipena ematea erabaki zuten.

    Hala, urritik hona, hainbat alditan bildu dira eta ekintza bat diseinatzen hasi ziren, San Juanetan antolatutako Ez jaitsi espaloitik, hain zuzen ere. Kalejira eta olinpiaden balorazio oso positiboa egin du AGET-ek eta oso pozik azaldu dira izandako parte hartzearekin. Etorkizunera begira, talde honek argi utzi gura izan du ez dela euskararen espaloitik jaitsiko.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.