Diada egunez Katalunian egin den giza kate historikoan partaide izan da Euskal Herrian Euskaraz ere. Arrazoia argia: euskararen normalizazio bidean ezinbesteko diren hizkuntza politikak legez kanpokoak dira egungo markoan. Horrexegatik egiten du egungo kateak hausteko apustua, hots, bertatik bertara erabakitako eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak gauzatu ahal izateko. Euskal Herri euskaldunerako bidea gaurdanik urratzeko deia luzatu du.
Orain urtebete Katalunian Diada egunez egindako manifestaldi historikoak hautsak harrotu zituen. Makina bat eztabaida, adierazpen, proiektu eta proposamen izan da orduaz geroztik. Urtebete ondoren, hedabide nagusiak kosta ala kosta mugimendua ahultzen ahaleginduagatik, iparrak bere horretan jarraitzen du: independentzia. EHE ere presente izan da aurtengo giza kate jendetsuan.
Euskara eta politika nahastea egotziko digu nor edo nork. Guk argi dugu: euskarak politikak behar ditu. Politika ausart eta eraginkorrak. Eta euskararen normalizazio bidean martxan jarriko ditugun hizkuntza politikak ausartak eta eraginkorrak izango badira, burujabeak ere izan beharko dute ezinbestean.
Izan ere, ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen hezkuntza eredua, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatze bidean euskararen unibertsalizazioarako bermeak jar daitezen edota espazio euskaldunak sortzeko ezinbestekoa da egungo markoak gainditzea. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak bultzatuta Estatuko Abokatuak Lezo, Anoeta eta Zestoako udalen hizkuntza irizpideei helegiteak jarri izana da horren adibide argia. Euskara era irmoan lehenestea ilegala da legalitate makur honetan. Horrexegatik behar dugu hain zuzen ere marko edo legalitate propioa.
Burujabetzak ez digu euskararen normalizaziorik ekarriko. Ezta hurrik eman ere! Horren bidean bertatik bertara erabakitako eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak gauzatzeko aukera eskainiko digu ordea.
Bitartean, ezin gara lokartu noski. Euskal Herri euskalduna gaurtik eraiki behar dugu, gatibu gauzkaten kateak urraduraz urradura hautsiz.
Euskal Herri euskaldunaren bidean, burujabetza!
Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herrian, 2013ko irailaren 12an
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean