• 12
    AZA

    "Ezabatu eta euskaraz bizi!" dinamikaren baitan, V. EUSKARAZ BIZIKLETA martxa ospatuko da Iruñerrin larunbat honetan. "Hizkuntza paisaian euskarak daukan presentzia eskasa" salatzeaz gain, "seinaleak ezabatzea leporatuta" Altsasuko EHEko bi kidei jarritako zigorraren karitara azaroaren 23an egingo den manifestaziora dei egiteko baliatuko dute ekimena. Euskal Herri euskaldunaren bidean, "maila pertsonalean zein kolektiboan, "euskaraz bizitzeko hautua" egitea dagokigula adierazi dute.

    EHEk antolatuta, V. EUSKARAZ BIZIKLETA martxa ospatuko da larunbatean Iruñerrin

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak EUSKARAZ BIZIKLETA martxa antolatu du Iruñerrin bosgarren urtez jarraian. Euskaraz bizitzea aldarri izango duen ekimena azaroaren 16an ospatuko da. Hamaiketakoa jan eta Arrosadiako Zabaldi elkartetik abiatuko dira. Hitzordua goizeko 11etan dute.

    Urtero legez, ekimena "Ezabatu eta euskaraz bizi!" dinamikaren baitan kokatu dute, "Iruñeko udalaren eskumena den hizkuntza paisaian euskarak daukan presentzia eskasa" salatzea xede. "Euskalgintzaren jardunari esker"  Iruñeko udaleko ordenantzan hiriburuko seinaleetan euskara eta gaztelera tamaina, kolore eta trataera berdinean egotea jaso zela gogorarazi dute, "beharrezko aldaketak emateko 14.000 euroko diru partida gordez". Ondoren, baina, ordenantza aplikatzeari uko egin eta udalak "erdarazko seinaleak ezabatzeagatik" EHEko bi kideri isuna ezarri izana arbuiatu dute.

    Horrez gain, bizikleta martxa azaroaren 23an Altsasun egingo den manifestaziora dei egiteko ere probestuko dute, Altsasuko EHEko bi kidek "seinaleak ezabatzea leporatuta, 23 eta 24an bete beharko duten bi eguneko atxiloaldia salatzeko". Gure Etxea eraikinean itxialdia eginez beteko dute zigorra, azaroaren 22an 00.00etan hasi eta 24ra bitartean. Egitarau zabala antolatu dute: bertso bazkaria, kontzertuak, "Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat" hitzaldia, elkarretaratzea... Larunbat arratsaldeko 18:30etan "Euskaraz bizitzeari zigorrik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi" lelopean manifestazioa egingo da.

    "Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats sendoak eman eta aldaketak eragin nahi baditugu", "euskaraz bizitzeko hautua" egitea dagokigula adierazi dute, "maila pertsonalean zein kolektiboan".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.