• 19
    AZA

    Joan den larunbatean ospatu zen bosgarrengo aldiz EUSKARAZ BIZI-KLETA martxa Iruñerrian. Hamaiketakoa dastatu ondoren, txango bikaina burutu zuten, Arrosadiatik irten eta Nabarreriako plazan amaitu. Ekimenean zehar, zenbait pankarta eskegi, ezabaketak egin eta euskaraz bizitzea galdeginaz oihuak botatzeaz gain, Altsasuko itxialdia iragarriz esku orri eta kartelak banatu zituzten.

    V. EUSKARAZ BIZI-KLETA martxak Iruñerria zeharkatu du

    Iraganean larunbatean ospatu zen Iruñerrian V. EUSKARAZ BIZI-KLETA martxa. Hamar lagun bildu ziren. Hamaiketakoa bapo jan ondoren, Arrosadia, Mendillorri, Sarrigurene, Erripagaña, Burlata eta Atarrabia zeharkatu zituzten, Txantreara heldu aurretik. Bertan, "Jesuitinas" A eta G ereduko ikastetxean "Guk eskola euskalduna" pankarta eskegi zuten. Errotxaperetik, Iruñeko Alde Zaharrean sartu eta Nabarreriako plazan amaitu zuten txangoan, Altsasuko itxialdia iragartzen zuten eskuorriak eta kartelak banatuz.

    "Ezabatu eta euskaraz bizi!" dinamikaren baitan, "ez gara espaloitik jaitsiko!" gisako oihuen artean hainbait ezabaketa egin zituzten.

    Bidean zehar udaltzain, Guardia Zibil zein foruzainak atzetik izan zituzten hainbat eremutan.

     

    Hona hemen antolatzaileek osatu duten kronika

    Azaroaren 16an burutu genuen aurtengo EUSKARAZ BIZI-KLETA martxa. Hamar lagun bildu ginen Arrosadiako Zabaldi elkartean hamaiketakoa hartu eta abiatzeko prest. Hamabiak aldera irten eta Arrosadia atzean utzi ostean Mendillorrira abiatu ginen. Mendillorri zeharkatu, Sarrigurenen sartu eta bertako azokan bisita egin genuen (azokan ere, euskaraz bizi!). Erripagaña, Burlata eta Atarrabia zeharkatu genuen ondoren. Txantrean sartuta geldialdia egin genuen “Jesuitinas” A eta G ereduko ikastetxean eta “Guk Eskola Euskalduna” pankarta eskegi genuen bertan. Hortik Errotxapeara abiatu eta zeharkatu ostean Iruñeko Alde Zaharrean sartu ginen. 13:40ean Nabarreriako plazan amaiera eman genion martxari, azaroak 22,23 eta 24an Altsasun burutuko den itxialdia iragartzen duten eskuorriak eta kartelak banatuz. Jarauta kalean ere, pankarta bat ipini genuen deialdi berdina iragartzen.

    Hamar bat ezabaketa egin ziren bidean zehar, aldarri ezberdinak oihukatzen genituen bitartean: “arrosadian, errotxapean, euskal herrian... euskaraz!” “euskaraz bizi, bizi bizikletan!” “ez gara espaloitik jaitsiko!” “ez gara txirringatik jaitsiko!” “erdaraz barra barra, abertzale kaxkarra!” “euskaldunoi zigorrik ez”...

    Bidean zehar Iruñeko udaltzaingoa izan genuen atzetik zenbait eremutan, baita guardia zibila eta foruzaingoa ere. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.