• 28
    AZA
    Epaiari buelta eman diote altsasuarrek

    "Epaiari buelta ematea" zen helburuetako bat, eta lortu dute. Zigorra tarteko goibela behar zuen asteburua auzipetuekiko elkartasun eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarri bilakatu da. Hainbat eragile zein norbanakok babestu dituzte altsasuarrak, izan manifestazioan, bertso bazkarian edota bestelako ekimenetan. Salaketa ez da Altsasura mugatu, ezta itxialdiko asteburura ere. Aste guztian zehar hainbat ezabaketa egin dira toki ezberdinetan EHEko kideei eta dinamikari atxikimendua adierazteko.

     

    Atxiloaldiak iraun dituen bi egunetan elkartasunaren eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarriaren lekuko izan da Altsasuko 'Gure Etxea' eraikina. Zigortzaileek seguru aski bakardadean igarotako atxiloaldi hotza desio bazuten ere, elkartasunaren epelak gain hartu dio hotzari.

    Iragan ostiral gauerdian hasi zuten atxiloaldia Haizea Ramirez de Alda eta Itziar  Claverrek, gainerako Altsasuko EHEko kideen konpainian. Hurrengo goizean bertan jende eta eragile ezberdinak hurreratu ziren beren babesa eskaintzeko asmoarekin,  Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati eta Altsasuko Alkatea tartean. Euskal Herriko beste herri eta auzoetatik bertaratutako EHEko hamarnaka kideez gain, herriko bizilagunek ere auziperatuen alboan egon nahi izan zuten. Zentzu berean, Sakanako Ernaik elkarretaratzea egin zuen eguerdian.

    80 bat laguneko bertso bazkariaren ondoren, 300 euskaltzale pasatxok Altsasuko karrikak igaro zituzten "Euskaraz bizitzeari zigorrik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi!" lelopean. Manifestazioaren bukaeran, "espaloitik" ez direla jaitsiko berretsi eta euskaldunei "euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" pasatzeko galdegin zieten Claver eta Ramirez de Aldak Gure Etxea eraikineko balkoitik.


    Kontzertu eta karaokearen aitzakian luzatu zen gaua.

    Beste zenbait euskaltzalekin bigarren gaua igaro eta kementsu hasi zuten igandea ere. Eguerdi partean Potoshop ikastaroa egin zuten. Arratsaldean, aldiz, "Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat" hitzaldia izan zen, Eneko Garaialderen eskutik. Iluntzean, elkarretaratzea. Eta gauerdian, buelta etxera.

    Zigorraren eta Euskal Herriko paisaia linguistiko arrotzaren salaketa ez da Altsasuko itxialdira mugatu ordea. Sare sozialetako elkartasun zabalaz gain, Billabona, Durango, Txantrea, Lakuntza, Oiartzun eta beste zenbait herritan ere ezabaketak eta ekimenak egin dituzte helburu berarekin.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.