Aiete, esanahi handiko lekua aukeratu zuten, besteak beste, hainbat herritarrek orain artean esan nahi eta ezin izan dituzten testigantzetako batzuk biltzen dituen Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua aurkezteko. Euskalgintzako pertsonaia esanguratsuak bildu ziren bertan. Zapaldutako "izen eta abizenei" hitza eman eta euskarak jasandako jazarpena zein bere aldeko mugimendua biltzen ditu Dabid Anauten lanak. Gaurkoan ere jarri dute kate-begi bat, zapalkuntzaren hariak ez baitu "etenik" izan.
Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua aurkeztu zuten atzo Aiete jauregian. Euskalgintzako jende esanguratsua hurbildu zen bertara. Ikastolen hastapenetako jendea, euskaltegietakoa, politikagintzakoa, EHEkoa, baita Joanmari Torrealdai, Paulo Iztueta, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Xabier Mendigurenen gisako pertsonaia garrantzitsuak ere. Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanok agertzeko asmoa azaldua zuen, baina, gaixo zegoela medio, Marina Bidasoro Giza Eskubide eta Memoria Historikorako diputatuak ordezkatu zuen. Zigor Etxeburua ere izan zen Gipuzkoako Foru Aldunditik. Mila orri inguruko "zapalkuntzaren kronika modukoa" aurkezteko lekua ez zuten ausaz aukeratu. Euskararen Gizarte Erakundeen kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan zuenez, "jauregi honetara ekarri dugu aurkezpena, gure herriaren historia garaikidean esanahi handiko gunea delako".
Zapalketak "izen eta abizenak" dituela argitze aldera, zapalkuntzen testigantzak jasotzen zituen bideo bat jarri zuten lehenik eta behin. "Euskaldunei barre egiten zieten", "Ama batek alabari Edurneri deitu, eta kartzelara sartu. Kartzelara". Milaka eta milaka kasuren isla dira adibide horiek. 1000 orritan "gertatu den guztiaren zipriztin batzuk" soilik agertzen direnaren sentsazioa izaten duela maiz argituko zuen geroxeago Dabid Anaut liburuaren egileak.
Liburuak bi ardatz "arras ezberdinak" dituela argitu zuen. Euskararen aurkako zapalkuntza eta euskararen aldeko mugimendua. Batik bat XX. mendeko kontuak jaso baditu ere, "begi bat gaurko egoeran jarri dugu, hor ere bai baita zer kontatua hizkuntza zapalkuntzaz. Hari bat da, azken batean, etenik izan ez duena".
Paul Bilbaok hartu zuen ondoren hiza. Bere ustez, "memoria kolektiboak etorkizunean nola eta norantz jokatu beharko litzatekeen zehazteko elementu baliagarriak jartzen dizkigu eskura". Horrez gain, liburuaren alderdi "gozoak" eta "gaziak", biak, aintzatetsi behar ditugula adierazi zuen. "Elkartasunez eta eskuzabaltasunez elkarlanean" jarduteko deia zabaldu zuen.
Euskararen kate hautsia bi zentzutan uler liteke. Alde batetik, zapalkuntzak eten zuen, eteten duen katea. Bestetik, zapalkuntzaren katea eteten duen herria. Lehenaren aurrean, bigarrenari heldu beharko diogu halabeharrez. Kateari eusteko hauts dezagun katea!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean