• 09
    URT

    Espainiar Estatuak euskal herritarren aurka egindako erasoen zerrenda are gehiago luzatu berri du. Euskal Herrian gehiengo zabal bat agertu da atzoko atxiloketen kontra; baita EHE ere. Eragile euskaltzaleak erasoa “asimilazio prozesuaren baitan” kokatu eta “burujabetzaren” beharra azpimarratu du, “bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe” hizkuntza politika burujabea erdietsi eta bestelako erasoak gelditzeaz batera etorkizuna “askatasunez” erabakitzeko. Euskaldun eta euskaltzaleei oldarraldiaren aurrean “jarrera aktiboa” izan dezaten eskatu die, bide batez larunbateko manifestazioarekin bat eginez.

    Enegarren erasoaren aurrean, EHEk “burujabetzaren” beharra azpimarratu du

    Atzoko polizia operazioak hautsak harrotu ditu. Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta soziala guztiz aurka agertu da, operazioa gogor salatu eta konponbideari oztopo gehiago jar ez dakion espainiar Estatuari dei eginaz. EHEk ohar bat kaleratu zuen euskal herritarren aurkako azken eraso hau gaitzetsiz.


    Herri mugimenduko eragile euskaltzaleak “Espainiar Estatuak Euskal Herria eta bertako herritarrak menderatzeko aspaldian abiatu asimilazio prozesuaren baitan” kokatu du atzoko gertaera. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien kontrako polizia operazioak “gatazkaren konponbidea eskatzen duen herriaren hitza” isilarazi nahi duela arbuiatu dute, “hizkuntza ordezkapena eta euskararen kontrako debeku eta erasoak” baliatuz herri honen ahotsa “isilarazteko” erabili dituzten estrategien ildo beretik.


    Hor ditugu euskara lehenesten duten hizkuntza irizpideak tarteko hainbat udalerriri jarri dizkieten helegiteak. Euskal Memoriaren argitara atera berri duen “Euskararen Kate Hautsiak” liburuan, berriz, euskaldunok jasandako hamaika erasoren testigantza ematen da. Modu sistematikoan zapalduak izan garela jabetzeko beste arrazoi jasota daude bertan. Ezin ahaztu gabe utzi egunerokotasunean alor guztietan zein operazio polizialetan preseski Ertzaintza eta Guardia Zibilen eskutik jasandako hizkuntza eskubideen urraketak. Azken hauek bikain islatzen dute indar polizialon arroztasuna.


    EHEk urrats bat haratago joan, eta “burujabetzaren” beharra aipatu du. Bai “herri euskaldunaren aurkako erasoei aurre egin” eta “euskararen herria berreraikitzeko” ezinbesteko den “bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe” erabaki beharreko hizkuntza politika burujabea erdiesteko; baita “bestelako erasoak gelditu eta Euskal Herriaren etorkizuna askatasunez erabakitzeko ere”.


    Era berean, Euskal Herriko euskaldun eta euskaltzaleei dei egin diete “konponbideari oztopoak jartzeko helburua duten” salbuespen neurrien aurrean “jarrera aktiboa” izan dezaten.  Horrez gain, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko heldu den larunbaterako deitu den mobilizazioan parte hartu eta Bilboko kaleak barreiatuko dituen itsasoan tanta izan daitezen galdegin die.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.