Euskara zehar lerro dela diogu maiz. Esparru guztiak blaitzen ditu hizkuntzaren aferak. Lurralde antolaketa eta hirigintza ere ez dira salbuesten. Hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanaz dihardu gaur goizean hasi eta bihar arte luzatuko den jardunaldiak. Saio hauek arnasguneen bueltako hausnarketa egiteko helburua dute, betiere hauek indartu nahian. Herria berreuskaldunduko duten hizkuntza politika eraginkor eta burujabeen bidean, Donostian egiten ari dena ezinbesteko hausnarketa dugu zalantzarik gabe.
Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun komunitatearengan duten eragina aztertzen ari dira gaur eta bihar Donostian ospatzen ari diren jardunaldietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ELE/Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuari ekin diote elkarrekin. Proiektua lantzeko eta gizarteratzeko jardunaldi hau antolatu dute UEUrekin laguntzarekin.
Soziolinguistikaren jaiotzarekin bat jabetu ziren hizkuntza eta egoera sozio kulturalaren arteko harremanaz. Geografiaren garrantzia ere nabarmendu da gerora. Aldagai horiexek izango dituzte hizpide jada ospatzen ari diren jardunaldietan. Batik bat, hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremanaz egingo dute gogoeta, arnasguneak zehar-lerro izango dituztelarik. Ez baita berdina hiri handi batetan mila etxeren bueltan eraiki edo herri txiki batean berrehun. Hizkuntza komunitatean izan dezakeen eragina oso ezberdina da.
Gaurko jardunaldian David Anautek esan bezala, lurralde antolakuntza euskararentzat mehatxua izan daitekeen moduan hiztun-komunitatearen garapenerako tresna ere izan daiteke. Hor dugu arnasguneen adibidea. Soziolinguistikako adituek dioten bezala, hizkuntza batek iraun dezan, nagusi izango den guneak behar ditu, eta gune horiek ezinbestekoak dira hizkuntza ororen berreskurapenean. Eremu geografiko horiek osatzen dituzte arnasguneek; hots, euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den eremuek.
Jardunaldiok ezinbestekoak dira lurralde antolaketak herri euskaldunaren zerbitzura jarri eta urratsez urrats, eremuz eremu, Euskal Herria berreuskalduntzeko.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean