Uzta tristea bildu du Kontseiluak Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herriko etxeen hizkuntza politika aztertu ondoren. Herri bakar batek ere ez du Kontseiluak gutxiengotzat jotzen duen 7koa lortu. Ezta hurrik eman ere! Notarik altuena Hendaiak atera du, 3,08a; eta baxuena, Angeluk, 0,3arekin. Frantziako Estatuak euskarari lege gerizperik eman ez izana eta herriko hautetsien borondaterik eza dago datu makur hauen atzean. Honek agerian uzten du, besteak beste, EHEk aurkeztutako “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren premia. Egitasmo honek euskaraz bizi nahi duten herritarrak aktibatuz udal administrazioan eragitea du helburu, herri euskaldunaren bidean.
Herriko etxeetako hizkuntza politikei jarraipena egin ondoren, hirugarren neurketako datuak zabaldu ditu Kontseiluak. Baionan egindako agerraldian azaldu dutenez, hemeretzi herritako udal administrazioak egindako politikak begiztatu dituzte eta bakar batek ere ez du gainditu froga.
Kontseiluak 10eko eskalan 7a jotzen du gutxiengo notatzat. Gutxiengo horretatik zinez urrun ibili dira aztertutako herriak ordea. Notarik gorenena Hendaiak atera du, 3,08. Hurrengoak Sara eta Hazparne izan dira, 2,9eko kalifikazioarekin. Hondar postuan Angelu dugu, 0,3 triste batekin.
Emaitza kaxkar hauen gibelean bi zio nagusi daude. Alde batetik, Frantziako Estatuaren pean euskarak lege babesik ez izatea. Bestetik, udal administrazioan daudenen utzikeria. Kontseiluaren irudiko, Estatuak ezarritako mugak muga, bi alorretan eragin daiteke batik bat borondaterik izanez gero: plangintza egokiak osatuz eta baliabide gehiago emanez euskararentzat. Horretarako, baina, euskara eta herria berreuskalduntzearen aldeko apustua egin behar da lehenik eta behin.
Corpus juridiko egokirik ez izanagatik, gehiago egin dezaketela azpimarratu du Paul Bilbaok. Kontseiluko idazkari nagusiaren irudiko, neurketa egin den hemeretzi herriak elkar hartuz gero emaitza 5ekoa izan zitekeen. Hizkuntza politika ausartagoak egin ditzaten galdegin die.
Emaitza hauek Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak abenduan aurkeztu zuen “Udala eta biok, euskaraz” dinamikaren beharra begi bistan uzten dute. Dinamika honek euskaraz bizi nahi duten herritarrak aktibatuz udal administrazioan eragitea du helburu. Eskari konkretuen inguruan herritar eta norbanako talde zabalak batu eta eskari horiek herritarrongandik hurbilen dauden ordezkari politikoei helarazi nahi dizkie, herri gogoari erantzunez dagozkien administrazioan aldaketa zehatz horiek gauzatu ditzaten. Oinarrizko eskaera hori (eskaera egin duen herritarraren eta berau jaso duen herri administrazioaren arteko harremana euskaraz izatea) lekuan lekuko egoeraren arabera moldatuko da, betiere herri euskalduna eraikitzeko xedearekin.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean