• 06
    OTS
    Sufrimenduaren soka lehenbailehen eteteko mobilizazioak deitu dituzte
    Bellonen heriotza salatzeko agerraldia

    Arkaitz Bellon euskal preso politiko gaztea hil da. Dispertsioaren eraginez, etxetik mila kilometrora eman du azken hatsa 36 urteko elorriotarrak. Hain zuzen, Puerto I-eko espetxean. “Egoeraren larritasunak eta urgentziak hala aginduta”, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Bilbon hainbat eragilek. Bertan izan da EHE eragile euskaltzalea ere. Sakabanaketa eta espetxe politika honi ezezko borobila eman eta berau salatzeko hainbat mobilizazioren berri eman dute. Leloak argi dio: “Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu”.

    Euskal Herriko hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek prentsaurreko bat egin dute gaur goizean Arkaitz Bellon preso politikoaren heriotza lazgarria dela-eta. Egungo espetxe politika ankerra salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte.


    Arkaitz Bellonen senide eta lagunei babes eta berotasuna adierazi ondoren, gazteak bizi zituen baldintza ankerrak azaldu dituzte. Bere herritik mila kilometrora zegoen, Puerto I-eko presondegian, nahiz aske behar zuen zigorraren 2/3 bete ondotik. Milaka kilometro hauen gibelean ezkutatzen den “giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela” jo dute bere heriotzaren erantzule zuzentzat. Bere heriotza argitzeko autopsia egingo diote. Sendiaren borondatea bestelakoa bazen ere, konfiantzazko medikurik gabe egingo diote ordea.


    Euskal preso politikoentzat ad hoc diseinatutako salbuespenezko espetxe politika beti izan da bidegabea. Euskal Herrian agertoki agertoki berria zabaldugatik bere horretan jarraitzen du. Prentsaurrekoa eman duten eragileen ustetan, “zentzugabea eta onartezina” da hori. Azken urtebetean jada hiru izan dira mendekuan oinarritutako espetxe politika honen ondorioz zendu diren euskal preso politikoak.


    Zerrenda gehiago luzatu ez dadin, “salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea” eskatu dute, herri honen gehiagoak mila bider mila eratan aldarrikatzen duenarekin bat eginaz. “Aski da” esan eta “sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da”.


    Sufrimenduz blaitutako egoerarekin ahalik eta azkarren amaitzeko, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute eskubide guztien alde egiten duten indarrek “bat egitea eta kalera ateratzea”. Hori dela medio, “Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu” lelopean, mobilizazioak deitu dituzte gaur arratsaldean Euskal Herriko herrietan. Era berean, bihar eguardian konzentrazioak egingo dira Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletxeen aurrean.


    Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko bildu diren guztiak beste urrats bat egitera doazela adierazi eta horretarako gonbidapena luzatzen dute.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.