• 25
    OTS

    Egun borobila izan zuten aurreko ostirala Iruñeko Txantrea auzoko euskaltzaleek. Arratsaldean Eneko Garaialderekin desobedientziaz jardun ziren luze eta zabal, euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza praktika desobedienteaz tartean. Horren bidean, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) abian jarri duen “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika ezinbesteko tresnatzat jo zen. Ondoren, jan eta edanik falta izan ez zuen bertso afaria ospatu zuten. Bide batez, Txantreako EHEk martxoaren 15ean udalari euskarazko harremana eskatzeko deialdian parte har dezaten galdegin die herritarrei.

    Hitzaldi eta bertso afari paregabeaz gozatu zuten ostiralean trantrearrek

    Honatx Txantreako EHEren kronika:

    Iragan ostiralean hitzaldia eta bertso afaria antolatu genuen auzoko Kaskallueta elkartean. Arratsaldeko hitzaldian, naziogintzari lotutako desobedientziaz jardun zen Eneko Garaialde. Horren karitara, hizkuntza praktika desobedienteaz solasteko aukera izan genuen bertan bildutako hamaika lagunok, jarrera pertsonaletik abiatuta jarrera kolektiboa indartzearen beharra azpimarratuz. Saioaren amaieran, hitzaldia hasi aurretik aurkeztu genuen "Udalak eta biok euskaraz" dinamika gure hizkuntza praktika burujabea martxan jarri eta aldaketak eragiten hasteko bitarteko bikaina dugula ondorioztatu genuen.

    Horren ostean 30 bat lagun bildu ginen Aimar Karrikak eta Eneko Fernandezek alaitutako bertso afarian. Ederki afaldu, edan, abestu eta euskaraz bizitzeko aukera izan genuen.

    Igo gurekin espaloira eta euskaraz bizi!

    Martxoaren 15ean zatoz udaletxera udal administrazioaren eta euskaraz bizi nahi dugunon arteko harremana euskarazkoa izan dadin eskatzera!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.