• 05
    MAR
    EHEk bat egin du martxoaren 22an Iruñean egingo den manifestazioarekin

    Halaxe jakinarazi du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak. Deitzaileek bezalaxe, “euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko” aterako da kalera. Euskaldunok esparru ezberdinetan bizi ditugun ukazio edota eraso ezberdinei errepaso bat eman ondotik, Euskal Herri euskaldunaren bidean bere altenatiba aurkeztu eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin die euskaldun, euskaltzale eta herritar guztiei. 

    Ohar baten bidez jakinarazi duenez, Euskal Herrian Euskaraz (EHE)  herri mugimenduko eragile euskaltzaleak bat egiten du euskaltzale talde zabal batek deituta heldu den martxoaren 22an Iruñeko karrikak zeharkatuko dituen mobilizazioarekin. Deitzaileen manifestuan ageri denaren bidetik, “euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko” aterako direla kalera adierazi dute. Mutu nahi bagaituzte ere, eragile euskaltzalearen irudiko, "euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoera, larria izatetik harago, jasanezina" dela medio herri euskaldunak asko du esateko Nafarroan eta Euskal Herri osoan.

    Azkenaldian euskaldunok pairatu behar izan ditugun eta ditugun erasoak ekarri dituzte gogora. Esaterako, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko eragileek berriki salatu duten bezala, aurrekontuetan onartutako diru-laguntzak ez dira iristen. Euskararen normalizaziorako hain beharrezkoak diren hedabide euskaldunak egoera berdintsuan dira, EiTBren emisioarekin edota irrati-lizentzien banaketen harira emandako eraso aski ezagunetatik harago.

    EHEren irudiko, erasoaldi hau aitzinatzen dituzten erakunde eta ordezkariek "Euskal Herri euskalduna asimilatzea eta berau ekiditea dute jomugan", bide horretan euskaraz bizitzea posible egin dezakeen urrats oro itoaz. Horretarako ezinbesteko lanabesa dute Vascuencearen Legea. Aipatu legea eskuan, "nafar guztiek ez dituzte eskubide berdinak Nafarroa Garaian eta horren ondorioak egunerokotasunean bizi dituzte herritarrek". Zenbait ondorio zerrendatu dituzte ondoren: euskaraz ikasi nahi duten ikasleen exodo behartua, euskarazko haur eskolen gabezia larria, D ereduaren aurkako kanpainak eta jazarpena, bestelako hizkuntzak ezagutzeko aitzakiarekin ikasleek euskararik ez ezagutzea bilatzen duten ereduen ezarpena, historia liburuetatik ezabatzen ari diren Euskal Herria, halabeharrez gazteleraz izango den ustezko bizikidetza baten aitzakian euskarazko inmertsio sistemari egingo zaion kaltea...

    Hezkuntza mundutik haraindi egoera ez da xamurragoa. Medikuarekin edo bestelako instituzio ezberdinetako leihatiletan euskaraz artatua izateko ezintasuna, polizia ezberdinekin edo epaitegietan, desobedientzia delituen mehatxupean,  euskaraz jarduteko debekua, kale izendegi eta oro har euskararen presentzia etenik gabe ezabatuz inposatzen diguten hizkuntza paisai arrotza, euskarari eta euskaldunoi begirako hizkuntza politika duinak onartzen dituzten udalei Estatuko Abokatuak jarritako helegiteak... Euskaldunon aurkako erasoak nonahi ditugu agidanez.

    Euskaldunok azpiratzeko helburua duen amaraun horren aurrean EHEk oso garbi du bere altenatiba: "euskal curriculumaren baitan ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eskola euskalduna; Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna; medikuak eta biok, udalak eta biok eta edozein administraziok eta biok euskaraz jardutea posible egingo dituzten hizkuntza politika burujabeak; euskarazko hedabideak erabiltzeaz aparte horiek defendatzeko neurriak; helduen euskalduntzea eta alfabetatzea erdiestea lagunduko duten politikak, eta, finean, Euskal Herri euskaldunaren bidean herritarrak euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramango dituzten dinamikak".

    Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten  neurri eta iniziatiben alde kalera aterako direla argitu dute. Haiek bakarrik ez, euskaldun, euskaltzale eta herritar guztiak ere kalera ateratzeko apustua egin dute, herritarren aktibazioz aldaketak eragiteko peskizan.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.