Martxan jarritako hizkuntza irizpideak medio hainbat udalerri auzibidean jarri ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratazio publikoetan finkatutako hizkuntza irizpideen kontra jo du oraingoan Urquijok. Hilabeteko epea eman die neurria bertan behera uzteko. Foru Aldundiak jaramonik egingo ez diola iragarri du. Kontseiluak, berriz, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeen beharra azpimarratu du.
Espainiako Gobernuaren ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak jartzeko neurria bertan behera uzteko agindu du. Hilabeteko epea eman dio Foru Aldundiari aurreko legealdikoa den erabakia albo batera utz dezan. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak zein Kontseiluak irmoki arbuiatu dute enegarren kanpo esku hartze hau.
Zigor Etxeburuak "Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok euskarari eta erakunde honi dion herra obsesiboa” salatu eta Urquijori euskaldunoi zer egin behar dugu esateko ez dela nor gogorarazi dio. “Euskaraz bizi garenon aurkako Estatuaren inposizioa” gaitzetsi eta aurreratu du ez dutela erabakia bertan behera utziko. Bide batez, gainerako erakunde publikoei eta gizarte eragileei euskararen normalizazioa zapuztea helburu duten gisa honetako erasoak gaitzesteko deia egin die.
Deiari erantzunez, Kontseiluak ere gogor salatu du Estatu espainiarrak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban duen ordezkariak hartu duen hondar erabakia. Euskaldunon hizkuntza eskubideak babesteko helburua izango duten hizkuntza politikak behar ditugula kontutan izanda, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politikak gauzatu ahal izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Hori agerian uzten du hizkuntza eskubideak bermatzera bideratutako politika oro trabatu nahian Urquijok hartutako jarrerak. Aipatu eskubideak errespetatze aldera sekulako erantzukizuna du administrazioak, berak ere gure hizkuntzan artatzeko betebeharra izateaz gain, bertatik egindako politikek emango baitiote euskaraz bizitzeko dugun nahia egikaritzeari bide.
Administrazioak euskararen erabilera (gutxienez) bermatu behar digu euskaldunoi. Kanpora begirako harremanetan eredugarri jokatzeaz gain, barnera begira ere lan funtzioa euskaraz bete eta langile euskaldunak izatea ezinbestekoa du. Izan, egin eta eragin. Hitz hutsetatik gaindi, euskararen unibertsalizazioaren bidean lerratuz, hori izango baita euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko berme bakarra.
Behingoz hizkuntza politika ausarta eta egokia egiten hasi da pisuzko euskal erakunde bat. Hori ametitu ezinda ahalegindu da bere jarduna trabatzen Carlos Urquijo. Horren aurrean, atzera baino aurrera egitera erabaki du Foru Aldundiak. Neurria bezain datu garrantzitsua, euskararen herria ito nahi duten Estatuek ezarritako kateak urratuz soilik hautsiko baititugu.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean