• 13
    MAR
    Nafarroako Gobernuak euskara bultzatzeko laguntzak kendu dizkie udalei
    Nafarroako Uemako herrietako hainbat ordezkari

    Nafarroako Gobernuak euskararen aurkako enegarren neurria hartu berri du. Uemako Nafarroako hamalau herrietako ordezkariek gogor salatu zuten atzo gobernuaren jarrera. Erasoa euskara eremu publikotik desagerrarazteko helburuaren baitan ulertu eta hizkuntza eskubideen urraketa behin betiko eten beharra aipatu zuten. Horren bidean, martxoaren 22ko mobilizazioan parte har dezaten dei egin zieten herritarrei.

    Nafarroako Gobernuak euskara bultzatzeko laguntzak kendu dizkie udalei. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dauden Nafarroako hamalau herrietako ordezkarik agerraldia egin zuten atzo beraien "kezka eta haserrea" agertzeko. Euskal herritarren hizkuntza eskubideen kontrako hamaikagarren "erasotzat" jo eta egoera "jasanezin" bihurtzeko bidean dela aitortu zuten.

    "Gainbehera etengabean" daudela adierazi zuten: "Iaz, diru laguntzarik gabe utzi gintuzten euskara zerbitzuetako egitasmoak garatzeko. 2014rako aurreikuspena ere bera da: sosik ez jasotzea". Kolpea ez da bat-batekoa izan: "urtetik urtera, laguntzak gutxituz joan dira, erabat desagertu arte". Horren atzean euskara eremu publikotik aldentzea helburu duen plangintza zehatz bat dagoela irudi dute.

    Berako Euskara zinegotzi eta Uemaren zuzendaritza batzordeko kide Jon Abrilek "lotsagarria" deritzo gobernuaren jarrera. Betitik eragozpenak jarri badituzte ere, egungo egoerak "mugak gainditu" ditu. "Barcina presidentea denetik, arazoak areagotu dira". Ez da laguntzak ukatzeaz soilik mintzo: "Hainbat dokumentu ele biz nahi ditugula eskatuta ere, erantzun txarrak jasotzen ditugu. Ez dago inolako komunikaziorik ez euskara hutsean, ez ele bitan. Sekulako atzerapausoa jasaten ari gara; aurretik gaizki geunden, baina are okerrago gaude orain".

    Krisia ari dira erabiltzen alor ugariri kalte egiteko aitzakia gisan. Kaltea "hedabideetan hasi, D ereduko ikastetxe eta euskaltegietatik igaro, eta udaletaraino heldu da". Horrek eragin  "zitala" du, jada egiten hasi diren eran, gobernuaren laguntza faltari aurre egiteko ekarpen handiagoak egin behar baitituzte aurretik nahiko lanekin dabiltzan udalek. "Elkar hartuta", hizkuntz politikekin jarraitzeko "sekulako ahalegina" egiten ari direla adierazi zuten.

    Azkenik, gobernuari hizkuntza politika sendo bat abiatzeko eskatu eta hizkuntza eskubideen urraketa errotik moztea premiazkotzat jo zuten. Horrez gain, martxoaren 22an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuten. Agidanez, ez da karrikak betetzeko arrazoirik falta.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.