• 21
    MAR
    Herri euskaldunak bere ernegua erakutsiko du bihar

    Etenik ez duten erasoen aurrean, manifestazioa egingo da bihar Iruñean. EHE tartean, hainbat eragilek babestu dute deialdia. Erasoak gaitzetsi eta Euskal Herri euskaldunaren bidean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko da.

    Bihar manifestazioa egingo da Iruñean “euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko”. Euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoera jasanezinari planto egingo dio bihar herri euskaldunak. EHE deitzaileen artean da.

    Azkenaldian euskaldunok makina bat eraso jasan behar izan ditugu Nafar Gobernuaren aldetik. Esaterako, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko eragileek berriki salatu duten bezala, aurrekontuetan onartutako diru-laguntzak ez dira iristen. Euskararen normalizaziorako hain beharrezkoak diren hedabide euskaldunak egoera berdintsuan dira, EiTBren emisioarekin edota irrati-lizentzien banaketen harira emandako eraso aski ezagunetatik harago.

    Horretarako ezinbesteko lanabesa dute Vascuencearen Legea. Aipatu legea eskuan, nafar guztiek ez dituzte eskubide berdinak Nafarroa Garaian eta horren ondorioak egunerokotasunean bizi dituzte herritarrek: euskaraz ikasi nahi duten ikasleen exodo behartua, euskarazko haur eskolen gabezia larria, D ereduaren aurkako kanpainak eta jazarpena, bestelako hizkuntzak ezagutzeko aitzakiarekin ikasleek euskararik ez ezagutzea bilatzen duten ereduen ezarpena, historia liburuetatik ezabatzen ari diren Euskal Herria edota halabeharrez gazteleraz izango den ustezko bizikidetza baten aitzakian euskarazko inmertsio sistemari egingo zaion kaltea, besteak beste.

    Hezkuntzatik haraindi dauden esparruak ere ez dira salbuesten. Medikuarekin edo bestelako instituzio ezberdinetako leihatiletan euskaraz artatua izateko ezintasuna, polizia ezberdinekin edo epaitegietan, desobedientzia delituen mehatxupean,  euskaraz jarduteko debekua, kale izendegi eta oro har euskararen presentzia etenik gabe ezabatuz  inposatzen diguten hizkuntza paisai arrotza, euskarari eta euskaldunoi begirako hizkuntza politika duinak onartzen dituzten udalei Estatuko Abokatuak jarritako helegiteak eta abar.

    Horren aurrean ezinbestekoa da euskaldun, euskaltzale eta herritar guztiak kalera atera eta aktibatuz aldaketak eragitea. Euskal Herri euskaldunaren bidean herritarrak euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzea alegia. Bihar horretarako aukera ezinhobea dugu Iruñeako karriketak. Ozen aldarrikatu dezagun: “Ez gara espaloitik jaitsiko!”.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.