• 24
    MAR

    Jendetza bildu zen larunbatean Iruñean egin zen manifestazioan. Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu eta borondate horrekiko talkan dagoen gobernuaren jarrera deitoratu zuten. Nafarroan benetako aldaketarik emango bada, hizkuntzaren aferari heltzea conditio sine qua non dela gogorarazi zuten bide batez.

    Espaloian tinko jarraitzeko borondatea erakutsi zuen herri euskaldunak Iruñean

    Larunbatean milaka lagun bildu ziren Iruñean euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatuz. Eguraldi traketsak gobernuaren eraso zaparrada bikain irudikatzen zuen honetan, hizkuntzarekiko jarrera alda dezala eskatzeko ere baliatu zuten mobilizazioa.

    Manifestazioaren akaberako ekitaldian salatu zutenez, "euskaraz bizi nahi dugunok gero eta oztopo gehiago dugu. Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu". Horren adibide diren hamaika kasuren isla den "hizkuntz politika itxuragabe hau tinko eta ozen” salatu eta  “euskaldunok hemen gaudela” erakutsi zuten Iruñean.

    Nafarroan aldaketa garaia hurreratzen ari dela dirudien honetan, hizkuntz politikak ere aldaketa haize horren ufadak sumatu beharko dituela ohartarazi zuen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak: “Guretzat aldaketak badu bereizgarri bat: Nafarroan ez da benetako aldaketarik izanen gu guztiok kontuan hartuko gaituen hizkuntza politika bat abiarazten ez bada". 

    Hainbat esparru aipatu zituen: hezkuntzan, administrazioan, alor sozio-ekonomikoan, helduen alfabetatzean, hedabideetan... "Denon artean baldintza berriak sortu behar ditugu. Nafarroan eman beharreko aldaketan agertoki berria eraiki behar dugu, non euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtuko den".

    Elkarlanerako deia ere egin zuen: "Aldaketarako, elkarrekin joan behar dugu. Euskalgintza, gutako bakoitza, prest egongo da euskararen normalizazioan urratsak emateko, horretarako gertu daudenekin aritzeko".

    Erantzun ere, esparru guztietako eragileek egin zuten, kaltetuak ere denak izanik. Euskaraz ikasteko trabak, D ereduaren kriminalizazioa, TIL ereduaren ezarpena eta abar jasaten dituzte hezkuntzan; lizentzia eta diru laguntzak ukatuz ito nahi dituzte euskarazko hedabideak; diru laguntzak aginduagatik deus ez dute jasotzen euskaltegiek; edozein alorretan euskaldunek jasaten duten hizkuntza eskubideen urraketa gutxi ez nonbait, eta euskara zerbitzua bermatzeko laguntzak kendu dizkie gobernuak udalei; horrez gain, Euskararen Legearen arabera Nafarroako herritarrek eskubide ezberdinak izango dituzte, non bizi direnaren arabera.

    Erasoen tamainako erantzuna eman zuen beraz herri euskaldunak, mutu nahi gaituztenen aurrean espaloitik ez garela jaitsiko argi utzi eta aho bilorik gabe “Gurea lingua navarrorum-a!!” aldarrikatuz.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.