Auzoko euskalgintzak antolatuta, Euskaraz Bizi astea egin zuten iragan astean. Euskaratik eta euskaraz, aldarrikapen eta festarako beta izan zuten. Gisa honetako ekimenekin, Gasteizen egingo den Euskaraz Bizi Egun nazionalerako giroa berotzen ari da gutxinada.
Honatx antolatzaileen oharra:
Arrotxapeako euskaraz bizi astea martxoaren 16tik 22ra bitartean ospatu dugu. Aste hau euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko ospatzen dugu. Era guztietako ekintzak egin ditugu eta adin guztietako jendeak hartu du parte.
Igandean, artisau azoka eta kuadrillen arteko jolasak egin genituen. Aurten artisau asko izan dira gure auzoan. Helduak eta umeak elkarrekin jolasean oso ongi pasatu zuten.
Astelehenean, San Pedro liburutegian hitzaldi bat izan genuen Gaizka Arangurenen eskutik “Iruña buruzagi” izenburupean.
Asteartean Errotaberri Elkartean bertso afari eder batetaz gozatzeko aukera izan genuen. Ongi afaldu ondoren Xabi Terreros eta Eneko Lazkozen bertsoez gozatzeko parada izan genuen. Giro paregabea izan zen eta 40 lagun inguru bildu ginen.
Asteazkeneko ekimenak gazteenentzat bideratutakoak ziren. Goizean puzgarrietan nahikoa jauzi egin ondotik, kale-antzerkia ikusi eta denok altxorraren bila ibiltzeko aukera izan genuen.
Ostegunean, ohiturei jarraiki, mintza-poteoa izan genuen. Euskaraz mintzatzea helburua duen poteoa alegia. Aurtengoan, auzoan astero euskaraz mintzatzeko asmoz biltzen diren lagunen presentzia izan genuen. Lagun hauek “Arrotxa kantuz” taldeko kideak izan zituzten bidaide.
Ostiralean, “kutxidazu bidea Ixabel” euskarazko filma ikusi genuen.
Larunbat osoan zehar izan ziren ekimenak. Eguna kementsu hasteko asmoz, txistorrada goxo-goxo bat izan genuen Karbonillan. Ondoren, “Arrotxapean haur eskola euskaraz" aldarrikatuz kalejira egin genuen. Kalejiran zehar dantzari, erraldoi, kiliki eta trikitilariak ere lagun izan zituzten. Kalejirari amaiera emateko, berriki sortu den “Arrotxapean haur eskola euskaraz” taldeko guraso batzuk manifestu bat irakurri zuten.
Peñan bazkaldu genuen. Patxi Larrainzarreko gurasoek sekulako bazkaria prestatu zuten. 150 lagun baino gehiago bildu ginen. Bapo bazkaldu ondoren Iruñean egin zen manifestaziora joan ginen. Arrotxapeak euskaraz bizi nahi duela argi adierazi zuen.
Astea ongi bukatzeko euskaraokea egin genuen Ipar Gorri tabernan. Gaizki ondo, asko aritu ziren kantuan.
Astea pasa da, baina guk euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu; beraz, euskaraz bizi astean parte hartu duzuen guztioi dei egiten dizuegu espaloitik ez jaitsi eta urteko 365 egunetan euskaraz bizitzeko hautua egin dezazuen.
ARROTXAPEAN EUSKARAZ BIZI!!
|
Euskaraz bizi sarean