• 28
    MAR
     Euskarazko ikasleak erdaldunekin nahasiz erdaraz egin beharko dute Nafarroan
    EHEk mozioaren aurka egindako ekimena

    Ondorio horixe izango du "bizikidetza" helburu ei zuen mozioaren aplikazioak. Agidanez, euskaldunok bigarren mailakoak gara Nafarroako gobernuarentzat. Zentzu horretan, osasun etxeetan eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeari muzin egin dio, hizkuntza eskubideen urraketei bide emanez. 

    Urtarrilean Izquierda-Ezkerrak (I-E) Nafar Parlamentuan mozioa aurkeztutako mozioa Geroa Bai, PP, UPN eta PSNren babesarekin onartu ondoren, “bizikidetza” sustatzeko dekretua prestatzen ari da dagoeneko Hezkuntza Departamentua. Hori egitean euskaraz ikasten duten haurrek erdaraz ari direnekin nahasi beharko dute eskolako ekintzetan. “Beti” hartu beharko dituzte neurriak eredu ezberdineko ikasleak elkarrekin bizitzearen alde. Erdaraz noski.

    Dekretua aldatzeko zirriborroa egina dute, eta atzo jarri zuten jendaurrean. Apirilaren 7ra arteko epea dago alegazioak jartzeko.

    UPNren gobernuaren aburuz “guztiok aberasteko” aukera den honek D ereduko eskolei eragingo die gehien. Publiko zein itunpeko sareko ikastetxeek hartu beharko dituzte neurriok eta bistan da bertako ikasleak gazteleraz jardun beharko direla euskalduntzen ez duten beste ereduetako ikaskideekin. Euskaldunak bigarren mailako herritarrak izango dira beraz, beraien hizkuntzan hitz egin ezinda.

    Nafarroako Parlamentuak berriki atzera botatako mozioak ez du egoera arinduko. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako eskaerari jarraituz Aralar-NaBaik eta Bilduk aurkeztutako mozioak osasun etxeetan eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskaria egiten zuen. Batik bat, eskakizuna pediatrei, medikuei eta jendaurrean lan egiten duten langileei dagokionean.

    Era berean, eremu mistoko liburuzainentzat euskalduntze plan bat diseinatzeko eskatzen zen. Nafarroako Gobernuak liburutegien sareko udalekin eginak dauzkan hitzarmenetan hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak ezartzeko ere eskatzen zen.

    Parlamentuak ezezkoa eman dio ordea, euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa betikotzeko asmoz.

    Kexu azaldu da Uema, “euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu duelako”. Nafarroak bestelako hizkuntz politika behar duela adierazi du, “euskara Nafarroako hizkuntza dela onartu eta bertako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuko duena”.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.