• 02
    API

    Hilaren 20an ospatuko da aurten. Egungo markoek ezartzen dizkiguten mugak deitoratu eta Aberri Eguneko ospakizunetan parte hartzeko deia egin dute.

    Herri mugimenduak Aberri Egunerako deia egin du
    (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

    Aberri Egunerako indarrak metatzeko asmoak batuta, beraien hausnarketa plazaratzeko xedearekin herri mugimenduko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Iruñeko Gaztelu plazan. Euskal Herrian Euskaraz, Askapena, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Elkartzen, Ernai, ESAIT eta Ikasle Abertzaleak eragileetako ordezkariak izan dira bertan.

    Eragileon irudiko Euskal Herria “harrapaturik dago agorturik dagoen egungo markoaren gatibu”. Herri gisa garatu eta arnasa hartzen saiatzen bada ere, “egungo markoaren itzalak estaltzen ditu euskal jendartean sortu litezkeen esperantza argiak”.

    Horren erakusle dira mugarik ez duten Espainiako eta Frantziako Gobernuen erasoak. Hizkuntza gutxiagotuak babestu eta garatzeko neurriak hartu ordez, ikastolen garapen eta hazkundea oztopatzeko neurriak hartu dituzte Paristik. Horrez gain, hor ditugu ikastolak laguntzeko bideak mozteko 1850eko Falloux legea baliatu izana edota Paueko administrazio auzitegiak Hendaiako ikastolaren aurka hartutako erabakia.

    Nafarroa Garaian ere hizkuntz politikek lehengo lepotik dute burua. Euskaraz ikasi nahi duten ikasleen exodo behartua, euskarazko haur eskolen gabezia larria, D ereduaren aurkako kanpainak eta jazarpena, bestelako hizkuntzak ezagutzeko aitzakiarekin ikasleek euskararik ez ezagutzea bilatzen duten ereduen ezarpena, historia liburuetatik ezabatzen ari diren Euskal Herria edota halabeharrez gazteleraz izango den ustezko bizikidetza baten aitzakian euskarazko murgiltze ereduari egingo zaion kaltea, besteak beste. Ernegatuta, espaloian tinko jarraitzeko determinazioa erakutsi zuen herri euskaldunak Iruñean egindako mobilizazio jendetsuan.

    Bestalde, Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok euskal ikurrak edota euskara lehenetsi duten erakundeak jo puntuan ditu. Hor dugu Udalbiltzari luzaturiko mehatxua eta hizkuntz irizpideak medio makina bat udal administraziok zein Gipuzkoako Foru Aldundiak nozitu dituzten kanpo esku hartzeak. Kontseiluak berriki aurkeztu duen urtekariaren ondorioa argia da: “Estatuen aldetik gertatutako ageriko kanpo esku-hartzeen urtea izan da 2013a”. Zehazki, salaketa eta errekerimendu artean aurten 39 udalen kontra jo du Madrilek. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratazio publikoetan finkatutako hizkuntza irizpideak bertan behera uzteko hilabeteko epea eman zion orain gutxi. Horren aurrean erantzun bateratua eman zieten Aldundi zein udalek, Estatuaren jarrera gaitzetsi eta atzera egingo ez dutela argi utziz.

    Eskubide sozialen arloan ematen ari den sarraskia ere ez dute aipatu gabe utzi, langileriaren etorkizuna ere Madril eta Parisen erabakitzen jarraitzen dutela gogoraraziz.

    Euskal jendartean etsipena zabaldu eta asimilazioaren bidea sustatzeko helburua duten zapalketa hauen aurrean bat eginik agertu nahi izan dute eragileek. Erasoak salatu eta herri gisa bat eginik erantzuteko deia egin dute.

    Apirilaren 20an egingo den Aberri Egunak horretarako parada ederra eskaintzen du. Independentista Sareak antolatuta, Iruñean izango da aurten nazio ospakizuna. Bai Euskal Herriko hiriburuko ospakizunetan parte hartuz bai eta etxeko balkoietan ikurrinak zintzilikatuz, Aberri Eguneko ospakizunetan parte har dezan dei egin diote euskal jendarteari.

    Azkenik, ez dituzte bazter utzi nahi izan larunbat honetan EHEk antolatuta Gasteizen egingo den Euskaraz Bizi Eguna eta Iruñean Bilgune Feministak antolatutako manifestazioa. Bertarako deia ere egin dute.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.