• 05
    API

    Porrotx eta Porrotxinek txupinazoarekin ekin ondotik, trikitilari eta dultzaineroek bere egin dituzte Gasteizko kaleak. Umeentzako tailer eta eskalada txapelketa ere egin dira. Orain 400 lagunetik gorako herri bazkaria ari da ospatzen. Arratsaldean Nazio Manifestazioa egingo da. Amaitzeko, kontzertuak.

    Giro bikaina Gasteizko Euskaraz Bizi Egunean

    Goizeko 11:00etatik aurrera ekin diote egunari Matxete plazan Porrotx eta Porrotxin pailazoek botatako txupinazoarekin. Kalejira bat egin dute alde zaharreko karriketan barna saioa amaitu aurretik. Euskara ahoan, nahikoa barre eta dantza egin dute bertaratuek. Jarraian Gasteizko kaleak alaitzen jarraitu dute dultzainero zein trikitilariek. Otsogorrigaina mendi elkartean eskalada txapelketa hasi 11:30ean. Auzolana frontoian, aldiz, Urtxintxa aisialdi elkarteko kideek umeentzako tailer eta jolasak antolatu dituzte. Herri Kirol erakustaldia tamalez bertan behera geratu da eguraldia dela medio.

    Hala Bedi Bi irratiko kideak bidaide ditugu gaurkoan ere. Matxete plazako sarreran jarri duten karpan Arrosa sarearen eta Info7 irratiaren bidez Euskal Herri osoko irratietara seinalea eramango duen Euskaraz Bizi Eguneko irratsaio berezia prestatu dute. Kontseiluko eta Behatokiko Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati, AEK-ko Mertxe Mugika, Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagos, Gose eta Tximeleta taldeetako kideak, Gasteizko euskaltegietako euskara ikasleak... makina bat lagun izan dira Hala Bedi Bikoen mikrofonoetatik pasa direnak.

    Orain 400 lagunetik gorako bazkaria ospatzen ari da Landatxon. Bazkalostean Izaki Gardenak taldeko abeslari Jon Basagurenek kantaldia eskainiko du.

    Arratsaldeko 18:00etan hasiko da "Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi" lelopean euskaltzale andana bilduko dituen nazio manifestazioa. Bertan parte hartuko dute, beste euskaltzaleekin batera, euskalgintzako zein hainbat eragile sozial eta politikotako ordezkariek. Manifestazioaren ostean ekitaldi xume bat egingo da.

    Horien ostean, 19:15 aldera, Jare Dantza Taldekoek Akelarrea egingo dute alde zaharretik zehar. Ttek Elektrotxarangakoek ere giroa bero mantenduko dute 20:00ak bueltan Dantza Plaza, Gose eta Tximeleta taldeen kontzertua hasi bitartean.

    Gasteizko Euskaraz Bizi Eguneko argazkiak: ikusteko sakatu hemen.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.