• 08
    API
    EHEk bat egin du Estatuen esku hartzeen aurkako elkarretaratzeekin

    Sortzen elkarteak euskaraz bizi eta ikastearen alde antolatutako jaiarekin ere bat egin du eragile euskaltzaleak. Larunbatean Euskaraz Bizi Egunean aldarrikatutakoaren bidetik, eraso zaparradaren aurrean eukararen espaloian tinko jarraitzeko deia egin du.

    “Estatuen esku-hartzeak gelditu” lelopean eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta elkarretaratzeak egingo dira 19 udalerritan Estatuen esku-hartzeak salatu eta euskararen normalizaziorako Udalen neurriak babesteko.

    Egun batzuk beranduago, Sortzen elkarteak deituta, euskaraz bizi eta ikastearen aldeko jaia egingo da Oibarren, “Euskara josten Hari gara” lelopean.

    Euskal Herrian Euskaraz-ek arestian aipatu deialdiekin bat egin eta horietan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Euskaraz bizitzeko dugun borondatea oztopatzea bilatzen duten erasoen aurrean espaloitik jaitsi ez eta urrats bat aurrera egitera ere deitu ditu euskaldun eta euskaltzaleak.

    Euskal Herria eta euskal herritarrak azpiratzeko eta asimilatzeko hizkuntza ordezkapena erabiltzea aspaldi erabaki zuten Estatuek. Herri honek euskaraz bizitzeko eman dituen urratsek sarri topatu dituzte estatuen mugak. Zaharrak berri, beste behin ere. Udalen hizkuntza irizpideek Estatuko Abokatuen helegiteak jasotzen ari dira. Hainbat ikastola proiektu 1.850eko Falloux legean hondoratu dituzte. D ereduaren kontrako kanpainak, ikasleak erdaraz “elkarbizitzera” behartuko dituen nafar parlamentuko ebazpena, euskaraz ikasteko haur andanak bizi behar duen exodoa… Luzea da adibideen katea. Erpin ugari dituen errealitate latza bizi dugu euskaldunok.

    Halere, gutako bakoitzak egin dezakegu bidea euskaraz bizitzeko hautua eginez, eraso eta sasien gainetik euskaldun eta burujabe jokatuz. Euskararen espaloian mantenduz, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatuz, eskola euskaldunaren alde eginez, udalarekiko zein beste administrazioekiko harremana euskaraz izan dadin galdeginez, edota hizkuntza politika burujabeen alde eginez euskaraz biziko den herria josten joango gara.

    Horregatik ere, bihar, udalen aurrean eskuak margotu eta “Estatuen esku-hartzeak gelditu” adierazteko deia luzatzen dute EHEtik. Larunbatean, aldiz, Oibarrera joan eta euskara jostera deitu ditu herritarrak.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.