Festa giroan, milaka euskaltzale elkartu ziren bertan. Euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatu eta horretarako jasaten dituzten oztopoak salatu zituzten.
Nafarroa osoan euskarak ofizial izan behar duela aldarrikatzeko eta zonifikazioa salatzeko, Sortzen elkarteak deituta jaia egin dute Oibarren (Nafarroa). Hain zuzen, aurrez bost bider egina duten eran, aldarrikapen horiek premiaezkoenak dituzten eremu “ez-euskaldunean” egin zuten. Aurtengoaren leloa Euskara josten (h)ari gara izan da.
Jaiaren aurretik, Sortzeneko euskara arduradun Igone Lamarainek azaldu zituen aurtengo aldarriaren nondik norakoak. "Euskara josten (h)ari gara" leloarekin adierazi dugu Euskal Herrian bagarela herri ezberdinak, egoera ezberdinekin, baina denok osatzen dugula euskararen herria. Guztiak josiz herri bakarra osatzen dugu, eta josten ari gara gure arteko loturak eginez".
Nafarroako eremu ez-euskalduneko euskaldunek apartheid egoera mingotsa bizi dute. Ez dago ofizialki euskaraz ikasteko aukerarik. Horrek dakartzan zenbait ondorio aipatu zituen Lamarainek. Euskaraz ikasi ahal izateko “haurrek kilometro ugari egin behar dituzte egunero ikastolara joateko. Horrek gastu bat dakar, Nafarroako Gobernuak ordaintzen ez duena". Adibidez, Oibarko neska-mutikoek euskaraz ikasteko Zangozako ikastolara joan behar dute. Errepidearen arriskua ere hor dago. Duela hamabost urte eskolarako bidean ume bat hil egin zela ekarri zuen gogora. "Munduan ez da inon gertatzen herrialde berean marra batek bereiztea hizkuntza batean ikasi ahal izatea ala ez", ondorioztatu zuen.
Haria moztu nahi dutenak atsekabetuko baditu ere, euskararen herria josten jarraitzeko beste urrats bat eman zen atzokoan. Urratsez urratsez egingo dugu bidea.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean