Apirilaren 19an egingo dute. Eguerdian prentsaurrekoa egingo dute Herriko Etxearen aurrean udal administrazio eta herritarren arteko harremana euskaraz izan dadin galdeginez. Gauean bertso afaria Maddalen Arzallus, Aimar Karrika eta Egoitz Zelaiarekin bertsolariak lagun. Amaitzeko, euskal musikaren gaualdia.
Urruñako EHEren oharra:
Hilabete honetan, Urruñako Euskal Herrian Euskaraz taldeak urte bat betetzen du. Horregatik euskaraz bizi eguna ospatzen dugu. Alta, sentsazio gazi-gozoa geratzen zaigu.
Gozoa, Urruñako herritarren sektore bat sentsibilizatzea lortu baitugu. Eta gazia, euskararen egoera kaxkarra baita taldearen sorreraren jatorria.
Hain zuzen, orain dela urte bat, euskararen egoeraz jabeturik hitzetik ekintzetara pasatzea erabaki genuen. Militante bakarra hasi zen, bigarren bat lotu eta eraikitzen ari ginen proiektuaz hunkiturik, lau militante izatera pasa gira. Lana ez da errexa, are gutxiago herriko etxeak euskararen aldeko diskurtso faltsu bat eramaten duela jakinik. Bainan aritu gira... eta ari gira!
Urruñarrok pairatzen ditugun arazoak analizatu eta lanari ekin genion. Euskaldunok euskaraz bizitzeari beldurra omen diogu. Parekoa erdalduna denaren ikaraz espaloitik jaitsi eta frantsesez edo gazteleraz ari gatzaio. Batzuk errespetu kontua dela diote, guk ordea beldurra. Argi ukan dugu, norbanakook gure eguneroko bizian euskaraz bizitzeko konpromezuak hartu behar ditugula eta gugandik hasita, espaloitik ez jaisteko erabakia lau haizeetara zabaldu nahi izan dugu.
Urruña euskalduna izan dugu beti, euskararen habia, aterpe iturri. Euskararen erabilpena sustatzeko asmoz, herriko komertzioen gana jo genuen. “Bai euskarari” ziurtagiriaren aurkezpena egin genien, hau da, euskarari babesa eta sustengua segurtarazten duen ziurtagiria. Gu geu ere harritu ginen, erakusten zuten interesaz gain, langileen zati on batek euskaraz erantzun baitzigun. Hona gure lehen garaipena.
Bainan edozein mugimendu herrian erroztatua izan dadin herritarrengaindik hurbila behar du. Herritarrak borrokaren parte hartzaile aktiboak izan behar dira. Horregatik akibitateak antolatu eta herriko bizian presente izaten saiatu gara. Gaualdiak ere antolatu ditugu, herritarren kezkak zuzenean jasotzeko aukera paregabea.
Dena den, euskara eta politika bereizten saiatzen dena oker dabil. Euskarak sufritu duen linguizidioa guztiz politikoa izan baita, eta euskararen normalizazioan instituzioek rol bat dute jokatzeke. Eta horretan gabiltza.. Euskal Herri osoan abiatu dugun “herrriko etxeak eta biok euskaraz” dinamikan hain xuxen. Herriko etxea da gugaindik hurbilen den instituzioa, eta baditu eskumenak euskara plazara jalgiaratzeko. Euskara lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatuz, herritarrei euskarazko harrera eta zerbitzua bermatuz eta herritarrekiko komunikazio bide oro euskaraz eskainiz besteak beste.
Urruñan ia bide guztia egitear gelditzen da, eta herri presioaz garaipeneruntz joanen girelaren uste osoa dugu.
Gure bihotz ttikiak taupadaka dabiltzan artean, zin egiten dugu ez garela espaloitik jaitsiko!
Urruñan, 2014ko apirilaren 10a,
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean