Halaxe jakinarazi du hiriburuko euskalgintzak (AEK, EHE, IKA, NIE, Sortzen eta AET) gaur goizean egindako agerraldian. Hiriko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko egiten ari den dinamikaren azken emaitzen berri eman eta bide horretan jarraitzeko deia egin du. Lortutako aldaketetako batzuk jasotzen dituen bideoa ere aurkeztu dute agerraldian.
Hona hemen irakurketa:
Euskaraz bizi nahi duten iruindarren bulkada berebizikoa suertatzen ari da Iruñean aldaketak erdiesteko. Iruñeko kaleetatik dabilen horrek, nahi baino gehiagotan topatzen ditu erdara hutsezko errotuluak edo euskara hizki txikiagoan, gutxiago nabarmentzen den kolorean edo informazio kopuru eskasagoarekin jasotako euskarriak. Iruñean bertan euskaldunok txiki eta ikusezin bagina bezala islatzen gaituzte hizkuntza-paisaian.
Euskara baina, bertako hizkuntza da, berezkoa eta asko gara Iruñean euskaraz bizi nahi dugunak, gero eta gehiago. Errealitate hori ezkutatu eta herritarrengan pertzepzio faltsu bat sortu nahi dute hizkuntza-paisaian ere euskara gutxietsiz, euskaldunok gutxietsiz. Bada, ez dute lortuko. Iruñeko euskalgintzak euskarari, euskaldunoi dagokigun tokia berreskuratzeko konpromisoa hartua du. Lau urte badira Iruñeko euskalgintzak, elkarlanean, Udalaren eskumenekoa den hizkuntza-paisaia aldatzeko eragite lanari ekin zionetik. Orduz geroztik ugariak eta emankorrak izan dira erdietsitako urratsak:
- 2010ean herritarrek helarazitako argazkien bidez Iruñeko hizkuntza-paisaiaren diagnostikoa osatu genuen. Horrekin batera, 2010ean indarrean zegoen Ordenantza aztertu genuen. Ordenantzaren zeregin teorikoa euskararen normalizazioa bideratzea bazen ere, bistakoa zen UPNk legearen interpretazio maltzurra egiten zuela eta sustatzeko baino, euskararen normalizazioa galgatzeko baliatzen zuela. Beraz, Ordenantzaren formulazio zehatzago bat egitea eta berau onartzea jarri genuen helburutzat.
- 2012an sinadura bilketa egin genuen eta 2.600 herritar ingururen ekarpenari esker, Iruñeko Udaleko GeroaBai, Aralar, PSN, Bildu eta I-E alderdiak norabide berean jartzea eta Ordenantzaren aldaketa aurrera ateratzea lortu genuen. Indarrean den Ordenantza berriak honela dio gaur egun:
"Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan"
- Urte horretan bertan, paperean erdietsia genuena kalean islatzea jarri genuen helburu. Alde batetik, sortzen ziren euskarri berriak bi hizkuntzetan orekaz egoteko konpromisoa erdietsi genuen UPNko ordezkariengandik, alegia, Ordenantzaren aplikazioa sail guztietara hedatzea. Bestalde, oposizioak 2013ko aurrekontuetan 14.000 euroko partida onartu zuen ordenantza betetzen ez duten euskarriak alda zitezen.
- 2013an aurrekontuetan jasotako hori kalean errealitate izan zedin dinamika abiatu genuen. “Aldatuko dugu!” kanpaina jarri genuen abian. Euskara desegoki zerabilten euskarriei argazkia atera eta guri helarazteko eskatu genien iruindarrei. Guztira 90 kexa jaso eta erregistratu genituen Udalean eta, bide batez baita Hizkuntza-eskubideen Behatokian ere.
- 2014an jada, Iruñeko kaleetako hizkuntza-paisaian aldaketak ikus ditzakegu. Bideotxo honen bidez horren berri eman nahi izan dugu: http://www.youtube.com/watch?v=00bO-NXOCcQ&feature=youtu.be Bideoan jasotakoak adibide batzuk besterik ez dira, Euskalgintzak eta herritarrek elkarlanean lor dezakegunaren lagin txiki bat baino ez. Elkarlan emankor baten hasiera.
Aldaketak gertatzen ari direla bistakoa da. Berriki ateratako euskarrietan, oro har, euskara orekaz agertzen da, ordenantzak agindu moduan. Baina kezkaz ikusten dugu oraindik ere hau ez dela sistematikoki gertatzen, erdara hutsezko izendapenak atera izan baitira. “25 de Noviembre” kalearen izendapena horren adibide dugu. Zentzu horretan, Udalari iruindarron baliabide ekonomikoak arduraz inbertitu ditzala eskatu diogu eta euskarri berrietan euskarari dagokion tokia eman diezaiola.
Jada, 2014rako beste 20.000 euroko partida egon dadin lortu dugu euskarri desegokiak aldatzen jarraitzeko. Herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahiak hauspotuta administrazioan eragiten ari gara, erraza ez den gune batean. Asko dago oraindik aldatzeko, nola ez. Baina bidea abiatu dugu eta norabide horretan iruindarren bultzadarekin aurrera eginen dugu.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean