• 08
    MAI
    Behatokiaren aurtengo hizkuntz eskubideen urraketen txostenak lehengo lepotik du burua

    Urtero legez, datu beltzak jasotzen ditu Behatokiak aurkeztutako txostenak. Erakundeen gabeziak begi bistan utzi eta egoera aldatzeko gakoa herritarrengan dagoela azpimarratu dute. Norabide horretan kokatzen da larunbat honetarako EHEk egindako deialdia. Muga guztien gainetik euskaraz bizitzearen alde, Larrunera mendi irteera egingo da.

    Hizkuntza Eskubideen Behatokiak euskaldunek jasandako urraketen urteko txostena kaleratu zuen atzo. Zenbait datu baikor baditu ere (%26 jaitsi dira kexak), euskarak trabak nonahi izan ditu 2013an ere. Oraindik ere “euskaraz bizi nahi dutenen eskubidea ez dago bermatuta”, euskarak “zokoratuta” segitzen duen seinale. Horren erakusgarri dira orotara bildu dituzten 1.062 kexak. Behatokiak ondorioztatu du herritarrak direla aldaketarako giltza eta egindako urratsak horiei esker eman direla. Salbuespenak salbuespen, erakundeak herritarren nahiaren atzetik doaz: "Inplikazioari esker hartzen dituzte neurriak". Hala ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko bitartekoak jartzerakoan huts egiten dutela adierazi dute.

    Nafarroako Gobernuarekin batera, Nafarroako udalek jaso dituzte kexa gehien. Kexa gutxien, berriz, Gipuzkoan jaso dute. Zatiketa administratiboa edota udal gobernuen borondate politikoa medio, lekuan leku egoera zeharo ezberdina da.

    Arloka ere sailkatu dituzte kexak. Kasu honetan, oso alor ezberdinak izangatik kexek funts bera dute: euskara bigarren mailako hizkuntza da; euskaldunok, bigarren mailako herritar. Osasuna, justizia, herrizaingoa, hezkuntza, administrazioa, ekonomia, zerbitzuak, hedabideak, aisialdia edota gizarte eragileen alorra egur bereko ezpala dira.

    Behatokiaren txostenak frogatzen duen bezala, euskaraz bizitzeko muga eskerga ditugu. Inoren esperoan egon gabe, guk geuk gainditu beharko ditugu muga horiek. Horien gaindi euskaraz bizitzearen alde larunbatean Larrunera mendi irteera antolatu du Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak. Europako Hauteskundeen atarian, zer garen eta zer izan nahi dugun adierazteko parada bikaina.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.