Goizean hasi eta gauean buka, egun oparoa izan zen larunbatekoa. Aurretik ere hainbat ekimen egin dituzte.
Hamabost egunez “beroketa” lanak egin ostean, Euskaraz Bizi eguna ospatu zuten oreretarrek aurreko larunbatean. Bertako EHE-k antolatuta, hausnartu, ikasi, gozatu eta euskaraz bizitzeko hautua indartzeko beta izan dute.
Maiatzaren 7an hasita, hainbat ekimen egin zituzten larunbatera bitartean. Hala nola, “Desobedientziatik intsumisiora, bide bat” hitzaldia, mural margoketa, “Ez gara espaloitik jaitsiko!” kantu jira, “Izan, egin, eragin” dokumentalaren emanaldia, kontzertua eta testu lehiaketa. Jada bigarren bider antolatu duten lehiaketa honetan, Itxaropena Urkiola izan zen helduen mailan txapelduna; gazteenean, Ekiñe Ramos. Era berean, beren beregizko logo bat sortu zuten “l'pantonete studio”-ko kideen laguntzaz.
Sukalde lanak bikain eginda, Euskaraz Bizi eguna ere halakoxea izan zen; bikaina. Eguraldi paregabea lagun, gazte, heldu edo zahar izan, denek gozatu zuten. Goizean, euskal dantza, mintzodromoa zein haur eta gurasoen arteko jolasak egin zituzten. Eguerdian, ekitaldi eta mosaiko jendetsua. Ondoren ehun lagunen bueltako herri bazkaria egin zuten. Bapo bazkaldu eta Unai Ormaetxearen bakarrizketa saioaz eta Iñaki Labakaren kantuez gozatzeko aukera izan zuten ostean. Hauen emanaldia bukatu bezain pronto, poteo musikatuari ekin zioten. Azkenik, karaokea Arkaitza tabernan.
Antolatzaileak emaitzarekin pozik eta egindako lanaz harro agertu dira. Gisako ekimen bat bakarrik antolatzea ezinezkoa litzatekeela jakitun dira ordea. Horregatik, beren esker ona agertu diete herriko hainbat norbanako eta elkarteri. Besteak beste gogoan izan dituzte Xenpelar AEK, Lau Haizetara, “l'pantonete studio”, de Cyne Reyna eta Arkaitza tabernak, trikitilari eta dantzariak, Naroa Iturri, sukaldariak, Unai Ormaetxea, Oiartzungo EHEko kideak eta ekimen ezberdinetan partaide izan den herritar oro.
Espaloian tinko, herri euskalduna eraikitzen jarraituko dute.
|
Euskaraz bizi sarean